ID Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan izena emateko epea ireki dute

Archivo - ID arte
IREKIA - Archivo
Publicado: sábado, 8 mayo 2021 10:49

GASTEIZ, 8 May. (EUROPA PRESS) -

ID arte Gasteizko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolak astelehen honetan ireki ditu izena emateko epeak, eskolan plaza eskatzeko zein sarbide probak egin ahal izateko. Datorren ikasturtean ikastegiak eskainiko dituen ikasketak burutzeko interesa duen pertsona orori zuzenduta daude epe eta probak.

ID arte da Euskadin arte eta goi mailako diseinu ikasketak egiteko aukera eskaintzen duen zentro bakarra, eta bere diseinu ikasketek unibertsitate graduen pareko titulazioa dute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez.

Horrela, ikastegian plaza eskatzeko epea ekainaren 13ra bitarte egongo da zabalik, eta sarbide probetarako izen-ematea, aldiz, maiatzaren 21era bitarte.

Irakaskuntza artistikoak izaki, nahitaezkoa da sarbide probak egin eta gainditzea ID arten ikasketak burutu ahal izateko. Sarrera probetatik salbuetsia izateko behar den titulazioa ez duen pertsona orok izena eman beharko du horretarako, eta plaza eskaera ere egin beharko du.

Sarbide probetarako izen-ematea eta plaza eskaera egitea bi prozesu ezberdin dira, eta biak bete behar dira. Sarrera proba egitetik salbuetsia izateko titulazioa duenak, ordea, plaza eskaera bakarrik egin beharko du. Sarbide probak maiatzaren 29an egingo dira, ikastegian bertan.