Ikasleentzako udal programazioa bildu du Bilboko Udalak katalogo batean

Publicado: sábado, 31 octubre 2020 13:32

BILBO, 31 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak aurten ere prestatu du ikasleei zuzenduriko udal programazioa biltzen duen katalogoa. 2020-2021eko ikasturterako prestatutako 24 programa eta jarduera hezigarri jaso dira argitalpenenean, eta www.bilbao.eus web orrian dago eskura.

Xedea da ikastetxeei laguntzea "erraz, arin eta argiro" ezagutzen udalak sustatutako proposamenak. Katalogoan, hezkuntzaren arloan antolatzen dituen programa eta jarduera guztiak bildu dira, agiri bakarrean. Ikastetxe publikoetako nahiz itunduetako haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako, batxilerreko, prestakuntza zikloetako eta hezkuntza bereziko ikasleentzat dira jarduerok.

Ikasturte honetarako 24 proposamen jaso dira, kultur jarduera, balioetako hezkuntza eta beste arlo batzuetako jarduerekin. Horien bidez, ikastetxeek aukera izango dute hezkuntza eskaintza osagarri eta egokitu bat prestatzeko beren irakaskuntza planean.

Besteak beste, lantegiak, lehiaketak, kaleko jarduerak, kontzertuak, antzerkia eta bisita gidatuak bildu dira katalogoan. Programa gehienak ikastetxeetan eta eskola ordutegien barruan gauzatzeko dira, kanpaina puntualak eta bisita gidatuak izan ezik. Ikasleentzat ez ezik, familientzat eta irakasleentzat ere badira horietako asko.

Jarduera horien bidez, euskararen erabilera sustatzea, berdintasuna, ingurumena, lankidetza, osasuna eta segurtasuna lantzen dira, betiere gazteek balio horien eremuan jasotzen duten formakuntza eta sentsibilizazioa hobetzeko.