Ikastetxeetako hizkuntza normalizazioko 410etik gora teknikari bildu ditu Bilbon Eskola Hiztun Bila jardunaldiak

Jardunaldiaren inaugurazioa.
EUSKO JAURLARITZA

Actualizado: martes, 22 octubre 2019 14:03

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxeen hizkuntza normalizaziorako Ulibarri programaren baitan antolatzen duen XXIII. Eskola Hiztun Bila jardunaldia hasi da astearte honetan, Bilboko Bizkaia Aretoan, 'Euskaraz ahal eta nahi' izenburupean, eta asteazkena arte 410etik gora lagun bildu ditu, gehienak hizkuntza normalizazioko aholkulari teknikoak. Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak eta Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak hasi dute jardunaldia.

Alderdi teorikoak ez ezik, ikastetxeetan abian diren esperientzia praktiko ugari ere ezagutu eta partekatu ahal izango dituzte profesionalek jardunaldiaren bi egunetan. Euskararen jabekuntzarekin loturiko estrategia didaktikoez arituko dira, eta ikasleekin landu
beharreko jarrera edo motibazioak ere aztertuko dituzte, hau da, nola hobetu hizkuntzaren jabekuntza prozesua eta nola landu erabilerarekin lotutako alderdiak.

Ongietorriko hitzaldian, ikastetxeek garatzen dituzten hizkuntza normalizazioko planak kokatzen diren Hezkuntza Sailaren erreferentzia esparrua izan du hizpide Maite Alonsok, eta, euskara ardatz hartuta, hizkuntza gaitasunaren garapenak dakarren paradigma aldaketan egin du azpimarra.

Kanpo ebaluazioen emaitzak hobetzearen aldeko apustua ere nabarmendu du, bai eta ikasturtean zehar hezkuntza sisteman sartzen diren ikasleei arreta emateko ekimen berriak eta euskara ikastearen eta euskal kultura ezagutzearen balioa ere, gizarte kohesionatua lortzeko erreferente gisa.

Bestalde, Lucia Torrealdayk hizkuntzaren ezagutzarekin eta erabilerarekin duten harreman estua azaldu du, eta Hezkuntza Sailaren Ulibarri programaren barne garatzen diren ikastetxeko hizkuntza proiektuek nahiz normalizazio proiektuek duten garrantzia azpimarratu du.

"Hizkuntza normalizazio proiektuen bidez ikasleen gaitasuna sustatzen eta bermatzen dugu, hau da, euskaraz hitz egin ahal izatea, baina baita
beste alderdi garrantzitsu bat ere: euskaraz hitz egin nahi izatea. Zertarako balio digu euskaraz jakiteak, gero ez badugu erabiltzeko intentziorik edo jarrerarik? Hanka motz geratuko litzateke gure egitekoa, eskolaren egitekoa eta gizartearen nahia", azaldu du.

Torrealdayk esan du eskolako ekintzetan eta barruko nahiz kanpoko jardueretan euskara modu normalizatuan eta ohituraz erabiltzea dela Ulibarri programaren helburua: "Bi hizkuntza ofizialen erabileran oreka eta berdintasuna bilatzea da hezkuntza sistemaren xedeetako bat, eta euskarak gizarte erabilera desorekatua eta ahula duenez gaztelaniaren aldean, euskara hezkuntza komunitatearen jarduera guztietan adierazpide normala izan dadin bultzatu eta bermatu behar du hezkuntza eskumenak
dituen sailak. Horretarako sortu zen Ulibarri".

Jardunaldiaren lehen eguneko saio guztien gai nagusia 'Eskolatze hizkuntzaren trataera didaktikoa' izan da. Irekiera ekitaldiaren ondoren, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Eneritz Garro eta Karmele Perez irakasle eta ikerlariek hartu dute hitza, euskal eskolak egun dituen erronkekin lotura
estua duten gaiak jorratzeko.

IKASTETXEEN ESPERIENTZIAK

Topaketak asteazkenean jarraituko du, urriaren 23an, 'Ikasleekin hizkuntza jarrerak, motibazioa edota heziketa soziolinguistikoa lantzen' gaia ardatz hartuta. Ikastetxeetan abian diren esperientziak partekatuko dira, "berritzaileak izaki, ikastetxeetan euskararen erabilera sustatzeko arrakastatsuak" izan direnak.

Jardunaldiko bigarren eguna Kike Amonarriz soziolinguista eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari berriak hasi eta amaituko du. 'Gazteen eta irakasleen prestakuntza soziolinguistikoaren beharra' da emango duen hitzaldiaren izenburua.

Hezkuntza Sailak urtero antolatzen ditu aurten 23. ediziora iritsi den Eskola Hiztun Bila jardunaldia. Hizkuntza normalkuntzarako Ulibarri programan parte hartzen duten ikastetxeei eta bertako arduradunei zuzendurik, formakuntza eta esperientzia trukea ditu helburu.

Ulibarri programa 1996-1997 ikasturtean jarri zen abian euskal ikastetxeetan. Euskararen normalizazio alorrean aitzindari, egun sendo eta erabat errotuta dago programa, eta Euskadiko 410 ikastetxek hartzen dute parte bertan, euren egunerokoan euskararen erabilera eta kalitatea indartzeko asmoz.