Actualizado 14/05/2018 12:02

Informatikari Euskaldunen XI. Bilkurak burujabetza teknologia landuko du ostegunean

Informatikari Euskaldunen Bilkura
UEU

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

Informatikari Euskaldunen XI. Bilkura egingo da ostegunean, maiatzaren 17an, Donostiako Miramon Teknologia Elkartegian, "Burujabetza teknologikoa" izenburupean. Gainera, egun eta toki berean, Euskarazko Internet Eguna ospatuko dute Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta PuntuEUS Fundazioak, UEUk jakinarazi duenez.

Informatikari Euskaldunen I. Bilkura 1996an izan zen, eta ordutik beste hamar ekitaldi antolatu dira. Emaitzak "arrakastatsuak" izan dira, batez beste 125 pertsona baino gehiago bildu izan baitira jardunaldi bakoitzean, informatikarekin lotura duten hainbat arlotatik etorriak: irakaskuntza, industria, administrazioa eta komunikabideak nagusiki. Azken ekitaldian 200 lagunetik gora izan ziren jardunaldian parte hartu zutenak.

Antolatzaileen arabera, egungo gizartean aurrera egiteko "ezinbestekoa da teknologia". "Are gehiago, teknologien eragina gero eta handiagoa da jendartean, bai haren izaeran, bai izango dituen eskubideengan, bait buruaren jabe izateko edukiko dituen tresnetan ere. Teknologia egokiak oinarri izango dira jendarte antolatu eta burujabe bat lortzeko bidean", azaldu dute.

Horrela, Informatikari Euskaldunen Bilkura "teknologia horien inguruko eztabaida martxan jartzeko gune paregabea" da arduradunen arabera. "Urteetan izan da eztabaida honetan zeresana duten entitate guztien bilgune; instituzioak, herrigintzatik abiatutako ekimenak, arloko profesionalak eta akademiaren bilgune hain zuzen ere, eta aurtengoan, berriro ere bil daitezke burujabetzaren oinarri izan daitezkeen proiektuei buruz hitz egiteko eta teknologia horien ideazio eta ezarpenerako bideak aztertzeko", gaineratu dute.

Informatikari euskaldunen bilkura izanik, informatikan euskaraz jarduteak berezko dituen bestelako gorabeherek ere izango dute lekua bilkurako gaien artean. Beraz, eta ohi bezala, izandako esperientzien eta garatutako softwarearen berri ematea bilkuraren arduradunen asmoa.

Bestalde, osteguna Interneten Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuz, PuntuEUS Fundazioak komunitatearekin batera ospatuko du Euskarazko Internet Eguna, hirugarrenez, UEUrekin elkarlanean. Ekitaldia Miramon Parke Teknologikoan izango da, arratsaldeko 17.30ean, Informatikari Euskaldunen Bilkuraren ostean.