Ingurune digitalean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu dute PuntuEus Fundazioak eta Oiartzungo Udalak

Oiartzungo Udalak eta PuntuEUS Fundazioak hitzarmena sinatu dute
PUNTUEUS FUNDAZIOA
Actualizado: jueves, 5 noviembre 2020 15:43

DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)

PuntuEus Fundazioak eta Oiartzungo Udalak (Gipuzkoa) ingurune digitalean euskararen presentzia areagotzeko hitzarmen aitzindaria sinatu dute. Euskal Herrian udal baten eta PuntuEus Fundazioaren artean halako zerbait egiten den lehenengo aldia da.

Josu Waliño PuntuEus Fundazioaren zuzendariak eta Jexux Leonet Oiartzungo alkateak izenpetu dute bi aldeen arteko akordioa. Hitzarmenaren helburua da Gipuzkoako herriko ingurune digitalean euskararen presentzia handitzea. Horretarako, egungo egoera aztertuko da eta, ezagutu ondoren, euskararen erabilera handitzeko ekintzak planteatuko dira.

Waliñoren hitzetan, "PuntuEUSek gizartearen transformazio digitalean euskaratik eragitea du helburu, eta gaur sinatzen dugun hitzarmen honek xede hori du: abiatuko ditugun ekimenen bidez euskarak ingurune digitalean duen presentzia indartzeaz gain, Oiartzunen, maila lokalean, transformazio digitala euskaratik sustatzea eragingo da, merkatari eta enpresa txikien digitalizazioa euskaratik bultzatuz".

Hasteko, Oiartzungo Udalak erraztasunak emango ditu, PuntuEus domeinua urtebetez ordainduko baitie herriko 100 entitateri. Halere, Oiartzungo Udalak ingurune digitalean euskararen presentzia eta erabilera sustatzearen alde egindako apustua ez da berria, udalaren webgune korporatiboa PuntuEus domeinukoa baita 2016tik (www.oiartzun.eus).

Leonetek adierazi duenez, "Oiartzunen aukera handiak ikusten ditugu. Udalerri euskalduna da eta industriagune zabala du. Potentzialtasun handia du PuntuEus zabaltzeko gure herrian". Oiartzunen 500 enpresa baino gehiago daude, tamaina txiki, ertain eta handikoak.

Oiartzungo Udalak sustatutako hiru egitasmoren bidez egiten da PuntuEus domeinuaren hedatze lana udalerrian: 'LANIN', 'Euskara Merkataritzara' eta 'Euskara Elkartera'.

Enpresa txiki eta ertainetan euskararen erabilera sustatzeko 'LANIN' egitasmoa 2017an jarri zuen martxan Oiartzungo Udalak. Orain arte, 42 enpresatan egin dira ekintzak, eta webguneen itzulpena izan da gehien eskaini den zerbitzuetako bat.

MERKATARITZA ETA ELKARTEAK

'Euskara Merkataritzara', berriz, udalerriko ostalaritza eta merkataritza establezimenduetan euskararen presentzia handitzeko egitasmoa da, eta 1995etik dago martxan.

Halaber, 'Euskara Elkartera' egitasmoa 2006an jarri zuen martxan Oiartzungo Udalak, herriko elkarteetan euskararen erabilera areagotzeko. Urte batzuetan hitzarmen zehatzen bidez funtzionatu ondoren, guar egun normalizazio maila altua duten 22 elkartetan lantzen da.

Oiartzungo Udalaren helburua euskararen erabilera eta presentzia normalizatzea da, naturalki jarduteko modu bihurtu arte. Horretarako, aktibazioa lantzen du eta zerbitzuak eskaini, herriko esparru ezberdinetan euskararen normalizazioa errazteko. Ingurune digitalean euskararen presentzia handitu eta normalizatzea ere horietako bat da, eta horregatik, udalak uste du PuntuEus Fundazioarekin bi urterako sinatutako hitzarmenak bide hori urratzen lagunduko duela.