Iñigo Muguruza omenduko dute ostegunean Gaztea Sariak emateko ekitaldian

Iñigo Muguruza.
GAZTEA
Actualizado: lunes, 23 noviembre 2020 17:11

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Gaztea irratiak omenaldi berezia egingo dio Iñigo Muguruza zenari ostegunean, azaroaren 26an, Donostiako Kursaalen antolatutako Gaztea Sarien banaketa ekitaldian. Ibilbide osoari aitortza saria emango dio Gazteak aurten berreskuratu duen sariketan, eta duela urtebete hil zen musikariaren alabek jasoko dute garaikurra, Jon Maia bertsolariaren eskutik.

Gaztea irratiko lantaldeak jakinarazi duenez, argi izan du omenaldiak Iñigo Muguruzarentzat izan behar zuela: "Hainbeste kantu eman dizkigu, hainbeste melodia, hainbeste pentsamendu, hainbeste arte. Gugan jarraitzen duelako forma askotan. Musikari batzuk ez dira desagertzen. Bere kantuetan Iñigo dago eta bere kantuak gugan daudelako. Gaztearen 30. urteurren honetan, gure hasiera Iñigoren ekarpenik gabe ulergaitza litzateke. Hainbeste eman digunari, zerbait itzuli nahiko genioke. Bere 'Ideia zabaldu" eta merezi duen bezala 'Salam, Agur' esatea".

1964ean Irunen jaioa, musikari lotutako familia batean hazi zen Iñigo, Fermin eta Jabier Muguruzaren anai gaztea. 14 urte baino ez zituela abiatu zuen lehen proiektu musikala: Desband. Handik urte batzutara iritsi zen Kortatu, Fermin anaiarekin eta Treku Armendarizekin batera. Estudioko hiru disko eta zuzeneko beste bat argitaratu eta Kortatu deseginda, Nikaraguan ibili zen Iñigo Muguruza denbora batean.

Handik bueltan, Negu Gorriak taldearen garaia iritsi zen. Aldi berean, Delirium Tremens-en ere ibili zen, bi proiektuak uztartuz. Negu Gorriak-ek 1996an amaitu zuen bere ibilbidea, eta 'Salam, Agur' izan zen taldearen azken lana. Alabaina, 2001ean, agur esateko kontzertu bat eman zuten Baionan eta beste bat Donostian.

Negu Gorriak-en agurra iritsi baino lehen, Iñigo Muguruzak Joxe Ripiau taldea sortu zuen, Jabier anaiarekin eta Sergio Ordoñezekin batera, karibetar eta latindar erritmoekin. Joxe Ripiau-ren ostean, Sagarroi (2000), Lurra (2013-2017) eta Hiru Leike (bere azken taldea) iritsi ziren. Proiektu horien bidez, Iñigo Muguruza bide berrietan murgildu zen, Kortatu edo Negu Gorriak-eko gitarra zirikatzaileetatik aldenduta.