Ipar Euskal Herriko biztanleek LTD bidez ikus ditzakete gaurtik ETBko kateak

Actualizado 2011/03/29 20:14:16 CET

BILBO, 29 Mar. (EUROPA PRESS) -

Euskal Telebistako ETB-1, ETB-2, ETB-3 eta ETBSat kateak Lurreko Telebista Digitalaren (LTD) bidez hartu ahal izango dira gaurtik Ipar Euskal Herrian. Itzalketa analogikoa ere gaur egiten ari dira, baina ez da oztoporik izango jarraian ETB lurrezko telebista bidez hartzeko. EITBko telebistekin batera, irratiak ere izango dira entzungai LTDren bidez: Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Gaztea, EITB Musika eta Radio Vitoria.

ETBko Gipuzkoako multiplex-a (60. kanala) Ipar Euskal Herrira zabaltzeari esker lortu da bertan EITB LTD bidez hartzea. Horrez gain, lurreko seinalea iristen ez den lekuetan ETB-1 Fransat satelitean hartu ahal izango da dohainik.

ETBko iturriek adierazi dutenez, "lorpen honetan garrantzi handia izan du EITBk Euskararen Erakunde Publikoarekin komunikazio taldeko euskarazko hedabideak digitalean zabaltzeko sinatu zuen lankidetza hitzarmenak".