Itunpeko ikastetxeetako giroa euskalduntzeko 190.000 euro banatuko ditu Jaurlaritzak laguntzetan

Archivo - Ikasleak patioan
GOBIERNO VASCO - Archivo
Actualizado: martes, 5 julio 2022 12:59

GASTEIZ, 5 (EUROPA PRESS)

Itunpeko ikastetxeen eskola eremuan 2022-2023ko ikasturtean euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin dirulaguntzak emango dituen agindua onetsi du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez. Deialdiak 190.000 euroko zenbatekoa du.

Jaurlaritzako arduradunen arabera, laguntzen xede nagusia da ikasleen artean euskaraz hizkuntza gaitasuna eta bat-bateko jariakortasunari bultzada ematea, eskola giroan euskararen erabilera sustatzearekin batera. Jarduera guztiak 2022-2023ko ikasturtean egin beharko dira.

Beraz, eskola giroa euskalduntzeko asmoz egiten diren saio jardueren bitartez ikastetxeetan hizkuntzaren ahozko erabilera egoera ez formaletan bultzatzeko jarduerak lagunduko dira: eskola antzerkigintza, bertso lanketa, kantagintza, irratigintza, bideogintza, podcastak, kontalaritza eta ikasleen ahozko adierazpena hobetzeko asmoz eskolara gonbidatuak ekartzea.

Halaber, euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin ikasgelaz kanpo egindako jarduerak lagunduko dira, hala nola guraso, irakasle ez diren langile zein irakasleentzat antolaturiko jarduerak, horien helburua ikasleen erabilera areagotzea bada.

Gainera, euskal giroan bizipena eskaintzeko asmoz antolatutako egonaldiek ere jaso dezakete laguntza. Egonaldiak gutxienez bi gaueko iraupena izan behar du diruz lagundua izateko. Hezkuntza Sailak kudeatzen dituen Euskal Girotze Barnetegietan egiten diren egonaldiak berariaz lagunduak direnez, ez dira diruz lagunduko arlo honetan.

Azkenik, ikastetxeen arteko truke irteerak lagunduko dira, haien helburua euskal kultura, hizkuntza zein gizarte giro desberdinen arteko ezagutza eta hurbilketa areagotzea bada.