BILBO, 29 (EUROPA PRESS)
Itxaro Borda, Miren Agur Meabe eta Paskual Rekalde Euskaltzaindiaren Zuzendaritzako kide berri izendatu dituzte Euskararen Akademiak ostiral honetan Bilboko Sociedad Bilbaina erakundearen egoitzan egindako osoko bilkuran.
Euskaltzaindiako iturriek jakinarazi dutenez, datozen lau urteetan Akademiaren jarduna gidatuko duen lantaldea aukeratu da osoko bilkuran bertan.
Bada, bozketa egin ondoren, euskaltzainek erabaki dute Andres Urrutiak jarraituko duela euskaltzainburu izaten, eta bere ondoan izango direla Itxaro Borda (buruordea), Miren Agur Meabe (idazkaria), Roberto González de Viñaspre (diruzaina), Miriam Urkia (Iker sailburua) eta Paskual Rekalde (Jagon sailburua) euskaltzain osoak.
Beraz, batzorde parekidea izango du Akademiak ondorengo lau urteetan, euskararen lurralde guztiak hartzen dituena, Itxaro Bordak Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeak ordezkatzen dituenez.
Hortaz, Zuzendaritzan lehendik aritu ez diren hiru kide berri izango dira (Itxaro Borda, Miren Agur Meabe eta Paskual Rekalde), eta, beraz, beste hiru kidek utziko dute Akademiaren artezkaritza organoa, hain zuzen, Jean-Baptiste Coyosek, Adolfo Arejitak eta Sagrario Alemanek.