Itziar Ituñok jasoko du aurten Ramon Labayen saria

- NETFLIX - Archivo

Actualizado: jueves, 5 septiembre 2019 17:16

DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)

Donostiako Gros auzoko Ulialde elkarteak seigarren urtez banatuko du Ramon Labayen saria, eta aurten Itziar Ituño aktore bizkaitarraren ibilbidea nabarmenduko du. Donostia Zinemaldiaren barruan egingo da saria emateko ekitaldia, irailaren 27an, Ulialde elkarteko iturriek jakinarazi dutenez.

Basauriko aktoreak ospe handia lortu du azkenaldian "La casa de papel" telesailarekin. Alabaina, bere ibilbidea antzerkian eta ETBn hasi zuen, "Goenkale" telesaioan Nekane Beitia pertsonaiaren rola eginez. Hainbat film ospetsutan parte hartu du, besteak beste, "Loreak"-en. Abeslari ere aritzen da, eta Ingot taldeko kantaria da.

Aurten Ramon Labayen sariaren seigarren ekitaldia ospatuko du Ulialde elkarteak, Donostia Zinemaldiarekin bat eginez. Izan ere, elkarteko kide izan zen Ramon Labayenek lan handia egin zuen Zinemaldia puntako jaialdien barruan kokatzeko eta, bere heriotzaren ostean, Zinemaldiarekin batera jai bat egin nahi izan dute urtero.

Sariaren asmoa euskal aktore edo zuzendari bat goraipatzea da, Ramon Labayen zenarekin gogoratuz, berari esker Donostia Zinemaldiak galdutako nazioarte maila berreskuratu zuelako. Sari banaketa afari baten ostean izango da, Donostiako Gros auzoko Ulialde elkartean, irailaren 27an, eta ondoren festatxoa egingo dute elkartean bertan.

Aurreko urteetako saridunak hauek izan dira: Karra Elejalde, Juanma Bajo Ulloa, Martxelo Rubio, Ane Gabarain, Gorka Aginagalde eta Jon Plazaola.