Jan Zahula txekiarraren 'The Edge of Guillotine', BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiaren irudia

Jan Zahularen argazkia izango da zinemaldiaren kartel nagusiaren irudia.
JAN ZAHULA / BBK MENDI FILM BILBAO-BIZKAIA
Actualizado: lunes, 17 mayo 2021 17:03

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Jan Zahula argazkilari txekiarrak egindako 'The Edge of Guillotine' izeneko argazkiak irabazi du BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Kartela Saria CVCEPHOTO lehiaketan, eta beraz, mendi zinemaldiaren aurtengo irudi nagusia izango da, antolatzaileek astelehen honetan jakinarazi dutenez.

Elba ibaiaren bailaran, Txekiako Errepublikako Suitza Bohemia eskualdean, hareharrizko haitz eta mendiak daude, eta haietako ertz zorrotz batean ageri da Jenny Fischer eskalatzaile estatubatuarra irudi irabazlean, Gilotina VIIb bidea eskalatzen.

"Jennyk bide estetiko hori hautatu eta eskalatu zuen aste batzuk lehenago, eta bertan eskalatzen ari zela argazkiak ateratzea nahi zuen. Beste zeregin batzuetara joana nintzen hara, baina asmatu genuen, eta egindako saioko argazkirik gustukoena da hauxe", azaldu du egileak.

Bada, Zahularen argazia izango da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 14. edizioko kartelaren irudia, babesle nagusien izendapenekin jantzia: Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta BBK Fundazioa.

Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak zazpigarrenez antolatu du CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketa, eta 2017tik ematen da bertan Mendi Filmeko karteleko irudiaren saria, bide batez 700 euroko diru saria ere baduena.

Maiatzaren 29an egingo da CVCEPHOTO sari banaketa ekitaldia Donostiako Antzoki Zaharrean, 18:00etan, jendeari irekia, eta hara begira sarituen berri eman dute jada. Irabazlea Marcin Ciepielewski poloniarra izan da, 'The X' argazkiarekin; bigarren saria Alex Buisse frantsesak irabazi du, 'Moulin' lanarekin; eta hirugarrena Alessandro Cantarelli italiarrak, 'Lavaredo's Gloria' argazkiarekin. 58 herrialdetako 372 egilek egindako 952 argazki aurkeztu dira.