Japoniako Kumano Kodo bideari buruzko argazki erakusketa Gasteizko Bibat museoan

Kumano Kodo bideari buruzko argazki erakusketa Gasteizko Bibat museoan
IREKIA
Actualizado: jueves, 20 enero 2022 16:12

GASTEIZ, 20 (EUROPA PRESS)

Kumano Kodo Bideari buruzko 50 argazkiko erakusketa izango da ikusgai otsailaren 27ra bitarte Gasteizko BIBAT museoan, Irunen (Gipuzkoa) eta Bilbon egon ondoren. Japoniako Ise-Jingu Santutegi Handitik Kumano Sanzanerako ibilbideari deitzen zaio Kumano Kodo bidea.

Erakusketa Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatu du, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren lankidetzarekin, Bibat museoa erakusketa ikusgai jartzeko laga baitu.

Kumano Kodo edo Kumano bidea Kii mendietan dauden Kumanoko hiru santutegi handiak lotzen dituen erromes bide sare zabala eta handia da. Kumanoko Hongu-taisha, Hayatama-taisha eta Nachi-taisha santutegiek osatzen dute Kumano Sanzan bezala ezagutzen den toki sakratua.

Erromes bide horietako bat Iseji ibilbidea da, Mie prefekturako Ise-jingu Santutegia Kumano Sanzanekin lotzen duen bidezidorra. 2004an Unescok Gizateariaren Ondare izendatu zituen Kumano Sanzan, bere erromes bideak eta gizateriak eta naturak sortutako paisaia kulturala, Koyasan (Wakayamako Prefekturan) eta Yoshino eta Omine (Narako Prefekturan) toki sakratuekin batera. Donejakue Bidearekin batera, izendapen hori duen erromes bide bakarra da, eta horregatik, bi bideak senidetuta daude 1998tik.

Senidetze horren ondorioz, Japonian hainbat argazki erakusketa egin dira Euskaditik igarotzen den Donejakue Bideari buruz: lehenengoa, MIE prefekturako Kumano Kodo Center-en, 2020ko abenduaren 5etik 2021eko urtarrilaren 31ra bitarte. Harrezkero, Wakayama prefekturako Kumano Hongu Heritage Center-en eta Shima hitiko Xabier Gaztelu-Museoan ere egon da ikusgai. Erakusketa honetarako, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak Donejakue Bideko ondare elementuei buruzko 50 argazki egin zituen.

Orain Gasteizen ikusgai dauden Iseji ibilbideko 50 argazkiek Kumano Kodoren ikuspegi kulturala, natura, historia eta ondarea jasotzen dituzte: zolatutako bidezidorrak, harrizko monumentuak, Budaren irudiak eta itsaso eta mendien paisaia eszenikoak. Terrazetako arrozondoak eta te sailak, bestalde, pertsonen lanaren eta naturaren arteko aliantzaren ondorioz sortzen den edertasunaren erakusgarri dira. Belaunaldiz belaunaldi egin diren jaialdi tradizionalak ere aurkezten dira argazki erakusketan.