Jatorri atzerritarra duten euskara ikasleak omendu ditu Gipuzkoako Aldundiak

Jatorri atzerritarra duten euskara ikasleei harrera
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 3 diciembre 2021 12:46

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

Jatorri atzerritarra duten euskara ikasleak omendu ditu ostiral honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta Foru Jauregian ikasle talde bati egindako harrera ekitaldi batean. "Eesker ona eta aitorpen" adierazi die Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, euskarara eta euskal kulturara gerturatzeko egiten ari diren "ahalegina" jendaurrean aintzatetsiz.

Olanok azaldu duenez, gaur egun Gipuzkoan 130 hizkuntza hitz egiten dira, euskaraz eta gaztelaniaz gain; horietatik hamarren kasuan, gainera, 1.000 hiztun baino gehiago dituzte. "Zabaltasun horrek gure gizartea aberastu egiten du, eta munduaren beraren aniztasuna islatzen du", nabarmendu du.

Horrela, ostiral honetako ekitaldiarekin, batetik, "gipuzkoar berriek gure gizarteari egiten dioten ekarpen" aintzat hartu nahi izan du foru erakundeak, eta bestetik, "euskaraz ikastera animatu, euskara ingurukoengana gerturatzeko bidea delako, gure herrian bizitzeko eta lan egiteko tresna positiboa delako".

Hain zuzen, atzerrian jatorria duten zortzi ikaslerekin elkartu da Olano, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalarekin batera, haien motibazio, kezka eta ikaste prozesuak gertutik ezagutu asmoz. Ondoren, harrera ofiziala egin die Foru Jauregiaren ohorezko sarreran. Bertaratu diren taldekideetatik sei ertamerikarrak eta hegoamerikarrak dira jatorriz -Kolonbia, Mexiko, Uruguay eta Honduras-, eta beste biak AEB eta Portugalegoak.

Azkenik, Euskararen Nazioarteko Eguna dela probestuz, euskara espazio eta esparru berrietara zabaltzen jarraitzearen garrantzia aldarrikatu du Gipuzkoako diputatu nagusiak, eta, modu berezian, lan munduan euskarak "aurrerapauso sendo bat" emateko unea dela aipatu du.

"Berreskuratzen ari garen eta asmatuko ditugun harreman eta erabilera eremu berrietarako euskara, bidelagun, ez ezik, lanabes eraginkor izatea nahi dugu", adierazi du.

Gainera, hizkuntzaren erabilera formalekin batera, "eremu ez formaletakoa" lantzearen beharraz ohartarazi du: "Euskal hiztunak naturaltasun osoz gauzatu behar du euskaraz bizitzeko aukera, eguneroko harremanetan eremu formaletik lan mundu, aisialdi, kultur edo kirol eremuetara igarotzean, hori bera baita, hain zuzen ere, euskaraz bizitzearen esanahietako bat. Ezin dizkiogulako euskarari ukatu eremu horiek".