Actualizado 13/01/2022 16:59 CET

Otsailaren 1ean hasiko dira itzultzen alarma egoeretan araudia urratzeagatik kobratutako isunak

Archivo - Ertzaintzaren kontrola
ERTZAINTZA - Archivo

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburuak ostegun honetan jakitera eman duenez, Eusko Jaurlaritza otsailaren 1ean hasiko da itzultzen lehenengo eta bigarren alarma egoerei lotutako araudia urratzeagatik Ertzaintzak eta Euskadiko udaltzaingoek jarritako 8.392 isunengatik ordaindutako dirua.

Dirua formulario sinple baten bidez itzuliko da. Formularioa formatu digitalean jaitsi, bete eta bidali ahal izango da Jaurlaritzaren www.euskadi.eus webgunearen bidez, edota herritarren arretarako Zuzenean bulegoetan, Estatuko edo autonomia erkidegoetako administrazioaren edo toki administrazioaren edozein organoren erregistroetan edo posta ziurtatu bidez, besteak beste.

Orotara 8.392 isun kobratu ziren EAEn: 5.417 lehen alarma egoeran, eta 2.975 bigarrenean. Guztira, 2.550.535 euro batu zituzten isunok: 1.652.366 euro lehen alarma egoeran eta 898.169 euro bigarrenean.

Erabakia Erkorekaren agindu batean jasoko da. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko da otsailaren 1ean, eta hainbat jarduketa ezarriko ditu 2020ko eta 2021eko alarma egoeren luzapenen atal batzuk konstituzioaren kontrako edo baliogabeko jo zituen Konstituzio Auzitegiaren erabakien ondorioz.

Jarduketa horien artean kontuan hartuko da zehatze prozedura guztiak artxibatzea, zehapenak baliogabetzeko gora jotzeko errekurtso guztiak onartzea, oraindik kobratu gabe dauden administrazioaren zehatze ebazpen irmoak atzera botatzea eta abar.

Contador