Jaurlaritzak 105.000 euro bideratuko ditu komiki, eleberri grafiko eta ilustratutako liburuen sorkuntza sustatzera

Liburu ilustratu bat.
EUROPA PRESS
Publicado: martes, 28 enero 2020 17:53

GASTEIZ, 28 Ene. (EUROPA PRESS) -

Komiki, eleberri grafiko eta ilustratutako liburuen sorkuntza bultzatzea xede duten dirulaguntzen deialdia onartu du Eusko Jaurlaritzako astearte honetako bileran, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 105.000 euro bideratuko ditu deialdira.

Jaurlaritzako arduradunen arabera, alde batetik, 60.000 euro erabiliko dira komiki eta eleberri grafikoen sorkuntza sustatzera eta, bestetik, 45.000 euro inbertituko dira ilustratutako album edo liburuen sorkuntza bultzatzeko.

Deialdi hau 2017an jaio zen, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak bultzatuta, sortzaileen talentua sustatu eta arlo honetan Euskadin azkenaldian egin izan den lan bikaina sendotzeko xedearekin.

Azken hiru urteetan bezala, deialdiak bi modalitate izango ditu: lehen modalitatean, 15.000na euroko lau laguntza emango dira, komiki edo eleberri grafikoak sortzea helburu duten ilustrazio proiektuak diruz laguntzeko; bigarren modalitatearen bitartez 15.000na euroko hiru laguntza emango dira, ilustratutako albumak sortzea helburu duten ilustrazio proiektuak diruz laguntzeko.

Horrez gain, deialdiak mekanismo ezberdinak aurreikusi ditu emakumeen eta ilustratzaile gazteen lana leheneste aldera. Horrela, bi modalitateetan -komikiak eta ilustratutako albumak-, gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektuen artean dirulaguntza bat erreserbatuko da, gutxienez, 30 urtetik beherako sortzaileentzat eta beste bat, gutxienez, emakumeentzat (30 urtetik beherakoentzat erreserbatutako dirulaguntza hori emakume batek lortuko balu, dirulaguntza bakarra erreserbatuko da).

2018ko ediziotik, "ilustrazioaren kalitate artistikoa" (40 puntutik 50 puntura igaro zen iaz) eta "ilustrazioaren tratamendua" (10 puntutik 30era) atalek balorazio handiagoa dute.