Eusko Jaurlaritzaren Lanhitz deialdiak 1,85 milioi euro banatuko ditu enpresetan euskara planak egiten laguntzeko

- IREKIA
Actualizado: martes, 16 julio 2019 16:24

GASTEIZ, 16 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 1.850.000 euro onartu ditu Lanhitz deialdirako astearte honetan egindako bileran, iaz baino 200.000 euro gehiago. Diru laguntza lerroaren helburua da Euskadiko enpresei laguntzak ematea euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko beren lantokietan, eta horrela, laguntzak jasoko dituzten enpresek diru kopuru bat izango dute euskara planak garatu ahal izateko. Iazko deialdiaren bitartez 49.971 langile dituzten 136 enpresa lagundu ziren.

Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez, finantzaketa lerro hau eremu sozioekonomiko pribatuan euskararen erabilera sustatzeko dagoen bide garrantzitsuenetakoa da. Euskadin lantokiak dituzten entitate pribatuen lehen euskara planaren diseinua eta kudeaketa plana laguntzen dira deialdiaren bidez. Zehazki, euskara planak modu sistematizatuan diseinatzen, jarraipena egiten eta ebaluatzen laguntzeko eratu zen Erreferentzia Marko Estandarrean ezarritako helburuak eta jarduerak enpresa pribatuetan gauzatu ahal izateko berariazko diru laguntza izan nahi du.

Gehienez ere 35.000 euroko diru laguntza jaso dezakete eskatzaileek, eta 1.000 eurotik beherako diru laguntzarik ez da esleituko. Halaber, proiektuaren autofinantzaketak gutxienez %40koa izan behar du; gainerako %60rainoko diru laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok helburu bertsurako eman ditzakeenekin. Eskatzaileak 250 langile baino gehiago baditu, berdintasun plana egin eta aplikatu beharko du.

Iaz 136 enpresa lagundu ziren Lanhitz deialdiaren bidez: 82 Gipuzkoan, 49 Bizkaian eta 5 Araban. Sektoreei dagokienez, %53 zerbitzuetakoak eta %47 industriakoak izan ziren. Lagundutako enpresa guztien %34 txikiak izan ziren (50 langile baino gutxiago), %37 ertainak (50 eta 250 langile bitartean) eta %29 enpresa handiak (250 langile baino gehiago). Lagundu ziren enpresetako langileen %49 elebiduna zen (euskara-gaztelania).