Jaurlaritzak 20.000 euro emango dizkio Galtzaundi elkarteari, Tolosaldean euskararen aldeko programa bat garatzeko

Publicado: martes, 11 diciembre 2018 18:36

GASTEIZ, 11 Dic. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak Galtzaundi Euskara Taldeari zuzendutako 20.000 euroko diru laguntza zuzena onartu du astearte honetako bileran, "Tolosaldeko euskalgintzaren eskualdetze prozesua: antolaketa, eragin esparruak eta Tolosaldeko Euskararen Mahaia" izeneko programa garatu dezan. Elkartearen helburua da Tolosaldean euskararen egoeran indartzea eta, horretarako, funtsezkotzat jo dute programa hori sustatzea.

Galtzaundi elkarteak bi egiteko nagusi finkatu zituen 2018rako: taldearen beraren eskualdatzea eta berregituraketa sustatzea eta Tolosaldeko Euskararen Mahaia eratzea. Bada, Jaurlaritzak onartu duen laguntzaren helburua zeregin horiek diruz laguntzea da.

Galtzaundi Euskara Taldeak hausnarketa bat abiatu zuen 2016an, Tolosaldeko orduko egoeraz hitz egin eta etorkizuneko helburu eta estrategiak finkatzeko. Gogoeta horietatik abiatuta, 2017an proiektu pilotua abian jarri zuen: "Tolosaldeko euskalgintzaren eskualdetze prozesua: antolaketa, eragin esparruak eta Tolosaldeko Euskararen Mahaia".

2018rako finkatutako helburuak hauek izan dira: Tolosaldea, euskararen arnasgune izatea bermatzeko hizkuntza politikak bultzatzea eskualdean; Galtzaundi Euskara Taldea Tolosaldeko 28 herrietan egituratzea; eragileen arteko elkarlana; izaera desberdineko erakunde desberdinen arteko lankidetza eredua lantzea eta saiatzea; eta aurreko ildo horien jarduna eraginkorragoa izateko egituraketa iraunkorra aztertzea.