Jaurlaritzak 23 milioi euroko aurrekontu saila onetsi du gizarte larrialdiko egoerei erantzuteko

Actualizado: martes, 11 diciembre 2018 17:17

GASTEIZ, 11 Dic. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak baimena eman du astearte honetako bileran 2019an 23 milioi euro bideratzeko gizarte larrialdiko egoerei erantzutera, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta.

"Gizarte Larrialdiko Laguntzen helburu nagusia bazterketa egoerak arintzea da, arlo pertsonalekoak, gizarte arlokoak edo lanarlokoak izan. Gastu bereziei erantzuteko baliabide nahikorik ez duten bizikidetza unitateentzako prestazioak dira eta ez dira aldizkakoak", esan du Artolazabalek.

Gizarte Larrialdiko Laguntzak Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legean aurreikusitako prestazio ekonomikoak dira, bazterketa sozialeko egoerak prebenitu, saihestu edo arintzeko. Gainera, Gizarte Larrialdiko Laguntzak Gizarteratzeko IV. Euskal Planaren barruan daude; plana 2017tik 2021era dago indarrean.

Eusko Jaurlaritzak astearte honetan onetsitako aginduak 2019rako Gizarte Larrialdiko Laguntzetan aurreikusitako gastu berezi bakoitzerako gehieneko kopuruak ezarri ditu. Gainera, horiek estaltzeko esleitutako kredituen banaketarako irizpideak adierazi eta EAEko lurralde historiko eta udal bakoitzari dagokion aurrekontu muga ezarri du. Kopuruak direla eta, aurreko ekitaldiko kontzeptuaren araberako gehienekoei eutsi zaie.