Jaurlaritzak 2,6 milioi euro banatu zituen 2019an 48 zinema proiekturen artean

Zine kamera.
EUROPA PRESS/ARCHIVO
Actualizado: jueves, 23 enero 2020 12:24

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 48 zinema proiektu babestu zituen bukatu berri den 2019. urtean, 2.664.000 euro bideratuz gidoien idazmena, ikus-entzunezko proiektuen garapena eta ikus-entzunezko ekoizpena babestea xede duten hiru dirulaguntza deialdi irekien bitartez.

Deialdi horiez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bestelako bideak ere sustatzen ditu ikus-entzunezkoa babesteko, Zineuskadi plataformaren eta Euskadiko Filmategiaren bitartez, arlorako dirulaguntza izendunekin, zinema jaialdiak babestuz edota EiTBk euskal zinemagintzari ematen dion laguntzaren bitartez, Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak zinemaren arloa babestea xede duten hiru dirulaguntza lerro deitzen ditu urtero. Lehenik eta behin, Jaurlaritzak abian jartzen du 'Kultur sormena' bultzatzeko dirulaguntza deialdia. Zazpi modalitateen bitartez, kultur sektore ezberdinak babesten dira, eta horietako batek zinema gidoien idazmena du xede.

Iaz, 104.000 euroko aurrekontua izan zuen eta zortzi zinema proiektu babestu zituen, horietako bakoitzari 13.000 euroko laguntza emanez. 'Cacereño' (Francisco Javier Barco), 'Auzia' (Simon Fuchs), 'Garrasi Mutuak' (Ainara Mentxaka) edo 'Mirari' (Maider Fernandez) izan ziren deialdiaren bitartez babestuko proiektuetako batzuk.

Bigarrenik, Jaurlaritzak 300.000 euro bideratu zituen 2019an 'Ikus-entzunezko proiektuen garapenaren aldeko dirulaguntzak' deialdira. Horren bitartez 16 proiektu babestu ziren, 11.784 eta 22.380 euro bitarteko dirulaguntzak banatuz.

Honako hauek izan ziren babestutako zenbait proiektu: '3.000 obstáculos' (Irusoin), 'Robot Dreams' (Aixerrota Films), 'El asesinato de Anna Thorwald' (Moriarti Produkzioak) edo 'Cenicienta Enmascarada' (Myriam Ballesteros Producciones).

PRODUKZIOA LAGUNDU

Halaber, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 'Ikus-entzunezkoen produkzioaren aldeko dirulaguntzak' deialdia egiten du urtero, ekonomikoki garrantzitsuena. Laguntza lerro honek lau modalitate biltzen ditu eta 2.260.000 euroko aurrekontua izan zuen iaz.

Lehen modalitateak 'Fikziozko film luzeak' du izena: iaz, guztira, 1.606.824 euro eman ziren modalitate honen bitartez eta ikus-entzunezko bost proiektu babestu ziren, 269.194 eta 350.000 euro bitarteko laguntzak eskainiz. 'Todas las lunas/Ilargi guztiak' (Ilargi Films), 'Irati' (Ikusgarria Films) eta 'Nora' (Gariza Produkzioak) daude deialdi honen bitartez babestu ziren proiektuen artean.

Bigarren modalitatea 'Aurrekontu txikiko fikziozko film luzeak' da, eta 209.976 eurokoa aurrekontua izan zuen 2019an. Modalitate honen bitartez bi dirulaguntza eskaini ziren: 'Retrato de mujer blanca con pelo cano y arrugas' eta 'Deviant' (biak Amania Films-enak). Hirugarrenik, 2019an 282.200 euro bideratu ziren 'Sortze-dokumentalak' izeneko modalitatera, eta 24.000 eta 60.000 euro bitarteko sei dirulaguntza eman ziren. 'Arzak since 1897' (Bainet Teknika), 'El viaje más largo' (Dibulitoon) eta 'Itoiz' (Doxa Producciones) izan ziren lagundutako proiektuetako batzuk.

Azkenik, film laburren modalitateetan 5.835 eta 20.000 euro bitarteko 11 dirulaguntza eman ziren (modalitate honek 160.000 euroko aurrekontua izan zuen). 'Puzzleak' (Komiki Films), 'Heltzear' (Irusoin) eta 'Polvo Somos' (Sirimiri Films) izan ziren diruz lagundutako zenbait proiektu.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak %35 igo zituen ikus-entzunezkoa sustatzeko laguntzak legegintzaldiaren hasieran, "proiektuen garapen prozesua sendotu eta talentu berrien agerpena babesteko".

Gainera, ikus-entzunezkorako proiektuetarako dirulaguntzez gain, Jaurlaritzak zinemagintza babesteko beste bide batzuk ditu: Zineuskadi (Europa Sortzailea, Zinema Euskaraz, Basque Audiovisual), Euskadiko Filmategia, sektoreko elkarteei ematen zaizkien diru-laguntza izendunak (IBAIA, EPE/APV, Eiken eta Euskal Gidoigileak elkarteentzat izan ziren iaz) edo Donostiako Zinemaldia, Zinebi eta Mendifilm bezalako zinema jaialdiek jasotzen duten babesa. Azkenik, EiTBk euskal zinemagintzari ematen dion laguntza ere "funtsezkoa" da Euskadin ekoizten diren zinema-proiektu nagusienak aurrera atera ahal izateko.