Actualizado 13/09/2021 15:26 CET

Jaurlaritzak 3,1 milioi euro bideratuko ditu euskara ikasleen B2 mailara bitarteko doakotasuna sustatzera

Euskaltegien ikasturte berriko kanpainaren aurkezpena.
IREKIA

Euskaltegi pribatuak finantzatzeko 26 milioi euro erabiliko ditu, eta udal euskaltegietarako 12,7 milioi

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Euskara ikasleen B2 mailara bitarteko doakotasuna sustatzeko asmoari eutsi dio Eusko Jaurlaritzak 2021-2022ko ikasturtean ere, eta horretarako 3.133.000 euro bideratuko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak.

Hala jakinarazi du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak astelehen honetan, ikasturte berrirako euskaltegien matrikulazio kanpainaren aurkezpenean, Bilbon, Ulibarri euskaltegian. 'Euskara mundu oso bat doan' lelopean egingo da kanpaina, eta interesa duten ikasleek izena eman dezakete jada.

Zupiriarekin batera, Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, HABEko zuzendari Jokin Azkue, Ulibarri euskaltegiko zuzendari Patxi Agirregomezkorta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundietako ordezkariak, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udaletakoak, Eudel eta UEMAkoak, eta euskaltegietako kdieak eta ikasleak egon dira ekitaldian.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) guztira 103 euskaltegi daude, eta iazko datuak kontutan hartuta, aurreikusi da 32.000 lagunek izena ematea ikasturte berrian. Gainera, 2021-2022ko ikasturtean B2 mailara bitarteko doakotasuna sustatzeko asmoari eusten dio Eusko Jaurlaritzak, eta horretarako 3.133.000 euro erabiliko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak.

Orotara, EAEn 40 udal euskaltegi daude, eta Jaurlaritzak haien finantziaziora bideratzen duen diru kopurua mantenduko du. Hain zuzen, 12,7 milioi euro bideratuko dira udal euskaltegien finantziaziora.

Euskaltegi pribatuen kasuan, aldiz, Jaurlaritzaren legealdi honetako konpromisoetako bat da irakasleen lan baldintzak hobetzea eta helduen euskaldutzean ari diren giza baliabideen egonkortasuna sustatzea. Konpromisoa lau ikasturtetarako da, eta aurten 26.085.000 euro bideratuko dira euskaltegi pribatuen finantziaziora, aurreko urtean baino %16,4 gehiago. 57 euskaltegi pribatu homologaturi, sei autoikaskuntza zentro
homologaturi, 24.300 ikasleri eta 1.500 langile ingururi eragingo die hobekuntzak.

Zupiriak azaldu duenez, "datozen lau ikasturteetan euskaltegi pribatuen finantziazioa indartzen joango da udal euskaltegietako irakasleen lan-baldintzetara hurbiltzeko bai irakasle ordutan zein soldatetan".

Gogorarazi duenez, 2020-2024ko legealdirako Gobernu Programak ere jasotzen du konpromisoa: "Helduen euskalduntze sistemaren finantziazioa indartzea eta handitzea, irakasleen lan baldintzak hobetzeko euskaltegien finantziaziorako ohiko deialdien bidez".

PANDEMIA

Bestalde, aurreko ikasturtea covid-19ak baldintzatu du, eta ondorioz, euskaltegiak ere egoera berrietara moldatu behar izan dira. Osasun egoeraren ondorioak atzeman diren arren, %8,6 baino ez du egin behera matrikulazioak eta 32.000 ikasle inguruk eman zuten izena euskaltegietan. Zupiriak eskerrak eman dizkie euskaltegietako ikasleei, irakasleei eta arduradunei amaitzera doan ikasturtean egindako ahalegin bereziagatik.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak gogoratu duenez, "azken bi urteetan jauzi handia eman da euskaltegietan bizi dugun osasun egoerari ahalik eta modurik egoki eta eraginkorrean erantzuteko. Egoera honek hainbat esparrutan aldaketa prozesuak bizkortu ditu, besteak beste eraldaketa pedagogiko eta teknologikoa azkartu egin da. Horretarako ikas-irakaskuntza erdi presentzial eta ez presentzialean teknologia berriak erabili dira".

2020-2021eko ikasturtean autoikaskuntza tutorizatuak indar handia hartu zuen, baina ikasle gehienek aurrez aurreko ikaskuntza aukeratu zuten. Iazko ikasturteak ikasteko eta egokitzapenak egiteko balio izan zuela narbarmendu du Zupiriak, eta oraingoan ere, "euskaltegiak euskalduntzeko zerbitzuak kalitate onarekin emateko prest" daudela gaineratu du. Hori dela eta, herritarrak euskara ikastera gonbidatu ditu, "zerbitzu egokia eta beraien beharretara egokitua jasoko dutelako".

Aurreko ikasturtean EAEko 103 euskaltegietan izena eman zuten 32.000 ikasletatik %65 emakumeak izan dira. Adinari dagokionez, ikasleen batez besteko adina 36 urte izan da. Ikasle gehienek C1 maila gainditzeko eman zuten izena (%30), eta %22k B2 maila gainditzeko erronkarekin ekin zion ikasturteari.

Euskaltegi pribatuak ugariagoak direnez, bertan eman zuen izena ikasle kopuru handienak (%76), eta gainontzekoek udal euskaltegietan. Ikasleen %77k eskola presentzialen alde egin zuen, %3ek erdi presentzialaren alde eta %20k autoikaskuntza aukeratu zuen.

Contador