Jaurlaritzak 937.500 euro bideratuko ditu datorren ikasturtean Eskola Agenda 2030 garatuko duten ikastetxeetara

Publicado: martes, 26 mayo 2020 18:08

BILBO, 26 May. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 937.500 euro bideratuko ditu 2020-2021 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) unibertsitatez kanpoko ikastetxeek ingurumen eta garapen iraunkorraren arloetan egingo dituzten proiektuak diruz laguntzeko. Eskola Agenda 2030 programako dirulaguntzak jasotzeko deialdia asteazkenean egingo da, maiatzaren 27an.

Eskaerak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Edozein kasutan, covid-19aren izurria dela-eta ikastetxeek eskaerak aurkezteko zailtasunak badituzte, epe hori luzatzeko aukera aztertuko da, Ingurumen Sailetik jakitera eman dutenez.

Jaurlaritzaren arabera, Eskola Agenda 2030 hezkuntza estrategia garrantzitsua da 2030 iraunkortasunaren alde, eta ikasleek udalerrietako ekintza planetan parte hartzeko "funtsezko lerro bilakatzen ari da". 2002an EAEko udaletan Toki Agenda 21 ekimenak abian jarri zirenetik, ikastetxeei eta udalerriei aukera eman zaie ingurumen programak integratzeko.

Era horretan hasi zuen bere ibilbidea Eskola Agenda 21 programak hurrengo urtean. Gaur egun, derrigorrezko hezkuntzako ikastetxeen ia %70 daude programan (220.000tik gora ikasle), eta horietatik ia %20k dute 'Eskola Iraunkorra' ziurtagiria.

Ikastetxeen, Hezkuntza eta Ingurumen sailen eta udalen arteko lankidetzan oinarritzen da Eskola Agenda 2030, eta horregatik "laguntza garrantzitsuak" jasotzen ditu, besteak beste, baliabide ekonomikoak, aholkularitza eta prestakuntza.

"Eskola curriculumeko oinarrizko gaitasunak garatzeko tresna eraginkorra izateaz gain, ikasleak sentsibilizatzen ditu ingurumen arazoetan eta kutsadurari aurre egiteko, biodibertsitatea zaintzeko eta klima aldaketaren eragina mugatzeko premiaren aurrean", azaldu dute.

LAGUNTZAK

Datorren ikasturterako finkatutako laguntzak unibertsitatez kanpoko ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek eskatu ditzakete. Horretarako, ikastetxe bakoitzeko proiektu bat aurkeztu beharko dute tramitazio elektroniko bidez. Proiektuak iraunkortasunaren alde hezkuntzaren arloan burutu behar diren jarduera guztiak bildu behar ditu. Horrekin batera, aurrekontu bat ere aurkeztu beharko dute.

Jaurlaritzaren aginduak zehaztu duenez, eskatzen dituzten eta ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikastetxe guztiek jasoko dituzte dirulaguntzak. Jasotako zenbatekoa aurkeztutako proiektuaren araberakoa izango da: gehienez 5.000 euro 'Eskola Iraunkorra' ziurtagiria duten ikastetxeen kasuan, eta 3.000 euro gainerakoentzat.

Aurreikusitako jarduerak garatzeko garaian, dagokion Ingurugela ingurumenarekiko irakasbideen hezkuntza eta ikerketarako ikastegiaren lankidetza, prestakuntza, aholkularitza eta laguntza teknikoa jasoko dute ikastetxeek.