Jaurlaritzak eta Buenos Aires probintziako Gobernuak polizia zerbitzuen lankidetza areagotuko dute

Jaurlaritzako eta Buenos Airesko probintziako Gobernuko ordezkariak.
IREKIA
Publicado: martes, 16 julio 2019 10:29

BILBO, 16 Jul. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburu Estefania Beltran de Herediak eta Argentinako Errepublikako Buenos Aires probintziako Gobernuko Segurtasun ministro Cristian Ritondok adierazpen bateratu bat izenpetu dute astearte honetan, Argentinako hiriburuan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko eta Buenos Aires probintziako Ministerioko polizia zerbituen arteko lankidetza areagotzeko. Anberesko eta Bavierako poliziekin berretsitako akordioei batu zaie hitzarmen hau, Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

Hitzarmenaren helburuetako bat da polizia laneko esperientziak trukatzea delinkuentziaren aurkako borrokaren eta prebentzioaren esparruan, segurtasunaren eta ordena publikoaren arloan eta, bereziki, nazioarteko terrorismoaren, krimen antolatuaren, lapurtutako ibilgailuen trafikoaren eta dokumentuen faltsifikazioarekin eta sorgorgarriekin zerikusia duen delinkuentziaren aurkako borrokaren esparruan.

Irakaskuntzaren eta prestakuntzaren arloko esperientziak trukatzeko eta, bereziki, irakaskuntzako eta prestakuntzako programak eta horietako edukiak antolatzeko lankidetza ere sartu dute agirian. Era berean, teknologia berrietara, zuzendaritza erremintetara eta baliabide berezietara ere hedatuko da informazio truke hori. Gainera, bakoitzaren polizia instalazioetara bisitaldiak egiteko beharrezko mekanismoak ere jaso dira.

Bien intereseko elkarlana garatzea eta areagotzea da Buenos Aires probintziako Poliziaren ordezkaritzarekin egindako hitzarmenaren helburuetako bat. Bi polizia kidegoen arteko harreman estua 2017ko urrian hasi zen; orduan, Ertzaintzako Inteligentzia Bulego Nagusiko eta Herritarren Babeserako Dibisioko buruek Buenos Airesko Poliziaren hainbat instalazio eta erakunde bisitatu zituzten La Platan, herritarren babeserako kudeaketa ereduen eta politika publikoen arloko elkartrukeen adierazpen agiriaren esparruan.

BISITA EUSKADIRA

Iaz, Jorge Oscar Figini komisario generala buru zuen Argentinako ordezkaritza batek eta beste hamar buruzagik Ertzaintzako polizia eredua hurbiletik ezagutzeko aukera izan zuten, eta erakundearen kudeaketaren eta egituraren berri izan zuten bisitatu zituzten Ertzaintzako ertzain etxe, unitate eta zerbitzuetan.

Tarte honetan, Lehergailuak Desaktibatzeko Unitateko agenteak Argentinan izan dira gaiaren inguruko eskolak ematen, eta Ertzaintzako esku hartzeko taldeak eta negoziazio taldeko kideek praktika bateratuak egin dituzte eta Ertzaintzako esku hartze eta negoziazio teknikak landu dituzte.

Joan den otsailean, Estefania Beltran de Heredia, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari Malentxo Arruabarrena eta Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondo Buenos Aires probintziako Poliziaren ordezkaritzarekin elkartu ziren Arkautiko Akademian. Jorge Oscar Figini komisario nagusia buru zuen ordezkaritzak Euskadi bisitatu zuen, bertatik bertara ezagutzeko segurtasunaren arloko politika publikoak eta Ertzaintzak herritarren babesaren arloan duen kudeaketa eredua.

Buenos Aires probintziako Poliziak 94.000 agente ditu, gizonezkoak eta emakumezkoak, eta eskumen osoak dituzte probintzia barruan. Horrez gainera, zuzendaritza mailako esku hartzeko unitate bat ere badu (Halcón Unitatea).

Adierazpena izenpetu ondoren, Segurtasuneko sailburuak La Platako Call Center 911 zentroa bisitatu du, eta arratsaldean, berriz, Barne Arazoetarako Auditoretza Orokorra ezagutuko du Guillermo Berra auditore nagusiarekin.