Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak antolatutako XXV. Jagon jardunaldia era telematikoan egingo da, ostiralean

Luis Villasante ikergunea
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: jueves, 5 noviembre 2020 11:22

'Entitate pribatuak: nola eman zerbitzua euskaraz herritar eleaniztunei?' izango da aztergai

DONOSTIA, 5 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak Donostian elkarlanean antolatu duten XXV. Jagon Jardunaldia ez da aurrez aurrekoa izango, baina 'streaming' bidez jarraitu ahal izango da, https://www.youtube.com/watch?v=ZXFP54w4gj0 helbidean.

'Entitate pribatuak: nola eman zerbitzua euskaraz herritar eleaniztunei?' izenburupean, topaketa ostiralean izango da, azaroaren 6an, 09:00etatik aurrera, Euskaltzaindiaren Luis Villasante Euskararen Ikergunean, Donostian.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hasiko dute ekitaldia.

Hizlarien artean izango dira Joseba Erremundeguy (Euskararen Erakunde Publikoa), Miren Dobaran (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea), Josune Zabala eta Edurne Pérez de San Román eta (Hizkuntza Politikako Sailburuordetza), Iratxe Zuazola (El Corte Inglés), Ainhoa Arruabarrena (Kutxabank), Eva Castro (Euskaltel) eta Asier Arsuaga (Goiener).

XXV. Jagon Jardunaldiaren bidez, hausnarketarako, esperientzien trukerako eta elkarlanerako foro edo gune bat eskaini nahi dute Euskaltzaindiak eta Jaurlaritzak, sentsibilitate eta ikuspegi ezberdinak bilduz.

ERANTZUNAK

Antolatzaileek azaldu dutenez, XXI. mendeko euskal gizartea herritar eleaniztunek osatzen dute eta entitate pribatuek errealitate horren baitan ematen dute euren zerbitzua.

Bada, topaketan, zenbait galderari erantzuna aurkitzen saiatuko dira, besteak beste, errealitate eleaniztun horretan zein leku duen entitate pribatuentzat euskarak, nola kudeatzen den hizkuntza gutxitu bat errealitate horretan, edota zein motibaziok laguntzen duen euskara ere zerbitzu hizkuntza izan dadin.

Halaber, erakunde pribatuek zein oztopo eta aurrera begira zein erronka dituzten, zein estrategia, ekimen eta bitarteko jarri dituzten abian errealitate eleaniztunari erantzuteko, eta covid-19ak zein eragin izan duen hizkuntzen kudeaketari dagokionez erantzuten ahaleginduko dira.