Jon Lopategi, Alan Roy King, Angel Aintziburu eta Txomin Solabarrieta omenduko ditu Euskaltzaindiak

Txomin Solabarrieta.
EUSKALTZAINDIA - Archivo
Actualizado: martes, 21 enero 2020 12:26

DONOSTIA, 21 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak aurreko urtean hildako euskaltzainak omenduko ditu urtarrilaren 31n, urteko lehen osoko bilkura egiteaz batera. Jon Lopategi, Alan Roy King, Angel Aintziburu eta Txomin Solabarrieta omentzeko ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundian izango da, Donostian, Akademiak jakinarazi duenez.

Goizeko 10:00etan izango da osoko bilkura, eta 12:00etan lau euskaltzainen hilberri txostenak irakurriko dira, ageriko bilkuran: Xabier Amuriza ohorezko euskaltzainak irakurriko du Jon Lopategiren hilberri txostena; Miren Azkarate euskaltzain osoak Alan Roy King-ena; Xipri Arbelbide ohorezkoak Angel Aintzibururena; eta, azkenik, Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainak aletuko du Txomin Solabarrietaren biografia.

Ekitaldia Gipuzkoako foru jauregian egingo da eta Peio Ospitalek girotuko du, hiru kantu ezagun abestuz: 'Arnasak gurutzatuz', 'Zu eta ni' eta 'Bake-mina' .