Josep Colom pianistarekin amaituko dira bihar Getxoko 26. Kontzertu Klasikoak

Actualizado 2011/03/10 11:46:26 CET

BILBO, 10 Mar. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) 26. Kontzertu Klasikoak bihar amaituko dira Josep Colom piano-jotzailearen emanaldiarekin. Bartzelonako artista Areetako Andres Isasi Musika Eskolan ariko da, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, eta Robert Schumann-en eta Franz Liszt-en piezak interpretatutko ditu, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Colom 1947. urtean jaio zen Bartzelonan, eta oso gaztea zela hasi zen musikaren munduan. Gaztaroan zenbait sari irabazi zituen, esaterako, Jaengo (1977) eta Santanderreko (1978) nazioarteko lehiaketetan. Horien ondoren beste sari asko lortu zituen eta 1998. urtean Espainiako Kultura Ministerioak Musikaren Sari Nazionala eman zion.

1980ko hamarkadatik Espainiako orkestra gehienekin aritu da sarritan eta errezitaldi eta ganbera-musikako kontzertuak eskaintzen ditu jaialdi eta areto garrantzitsuenetan.

Halaber, herrialde ugariko talde eta orkestrekin jardun da Colom; horien artean Frantziako taldeak nabarmentzen dira, 1970eko hamarkadan bertan bizi izan zen eta. Ildo horretan, Frantzian grabatu ditu bere disko gehienak Mandala diskoetxearekin, Brahms, Franck, Blasco de Nebra, Mompou eta Fallaren lanak interpretatzen.

Proiektu berrien artean honako hauek aipa daitezke: RTVErekin Profokieven 3. kontzertua grabatutako DVDa eta Radio Clásicarekin grabatutako bi CD; bata, Chopin-en, Debussy-ren eta Ravel-en piezak biltzen dituena eta bigarrena, "Grandes pianistas españoles" sailerako eginiko zenbait grabaziorekin.