Juan Ignacio Pérez EHUko katedraduna hautatu dute Jakiundeko lehendakari

Juan Ignacio Pérez.
EGOI MARKAIDA / EHU
Actualizado: viernes, 6 noviembre 2020 15:39

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

Jakiund Zientzia, Arte eta Letren Akademiako batzarrak zuzendaritza organoak berritu ditu ostiral honetan, eta Juan Ignacio Pérez Iglesias Euskal Herriko katedraduna aukeratu du lehendakari, Jesús Mª Ugalde kimikari eta fisikaria ordekatuz. Mahaiko hamar kide ere hautatu ditu, eta talde horrek gidatuko du akademia datozen lau urteetan.

Akademiako arduradunek azakldu dutenez, 2007an eratu zenetik, erronka zientifiko, artistiko eta literarioen eta, oro har, gizartearen erronka handiei buruzko gogoeta, diagnostiko, analisi eta aholkularitzarako espazio gisa finkatu da Jakiunde, eta, beraz, bete egin du "erreferentziazko foro" bihurtzeko helburua.

Juna Ignacio Pérez Biologian doktore, Fisiologiako katedradun eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da. Irakaslea da unibertsitate bereko Zientzia eta Teknologia Fakultatean, eta Fisiologia irakasten du Biologia, Biokimika eta Biologia Molekularra eta Bioteknologia graduetan. EHUko errektore izan zen 2004ko maiatzetik 2009ko urtarrilera bitartean.

1999-2014 aldian EiTBko Administrazio Kontseiluko kide izan zen, EHU ordezkarituz. Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen (2000-2002), eta Unibertsitateen Koordinaziorako Kontseiluko kide ere (2002-2004). EHUko Udako Ikastaroen Fundazioko eta Ikerbasqueko patronatuetako kide da. 2015etik aurrera, Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren Batzorde Zientifiko eta Teknologikoko kide da.

EHUn eta Erresuma Batuko, Frantziako eta Espainiako zenbait zentrotan egin ditu fisiologiako ikerketak. Zenbait hedabidetan dibulgazio zientifikoko lanak argitaratu ohi ditu, eta unibertsitate sistemei buruzko bi libururen eta animalia biologiari buruzko beste liburu baten egilea da.

Jakiunde diziplina anitzeko 77 akademiko eta 24 kideko talde batek osatzen du gaur egun. Haien arlo profesionalean duten merezimendu eta bikaintasunagatik aukeratu dituzte kide guztiak, eta akademian elkarrekin lan egitearen aldeko apustua egin dute guztiek, etorkizuneko erronkei buruzko haien pertzepzioa eskaintzeko eta zientziak, arteak eta letrak gizartean sustatzeko. Arreta berezia jarriko zaio hurrengo belaunaldiak etorkizunari aurre egiteko ahalik eta prestakuntzarik onena izateari.