Publicado 21/11/2020 11:43CET

Kaixomaitia.eus euskarazko kontaketa erotikoen lehiaketa abiatu dute

Euskarazko kontakizun erotikien lehiaketa.
KAIXOMAITIA.EUS

BILBO, 21 Nov. (EUROPA PRESS) -

Kaixomaitia.eus atariak euskarazko kontaketa erotikoen lehiaketaren lehen edizioa, Elkar argitaletxearekin elkarlanean. Lanak abenduaren 21a baino lehen igo beharko dira Kaixomaitia.eus atarian egokitutako web orrialdera, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Kaixomaitia.eus 2007an sortu zen euskaldunen harremanetarako webgune gisa, eta egun mota honetako euskarazko bakarra izaten jarraitzen du. Bere xedeen artean ditu, besteak beste, euskarazko edukiak sortzea eta zabaltzea, hala nola pertsonen arteko harreman afektibo eta sexualarekin dituzten orotariko gaiak, nahiz kontaketa edo ipuin erotiko laburrak, "sinetsita baitago euskararen normalizazioaren bidean ezinbestekoak direla euskarazko edukiak sortzea eta sarean ere zabaltzea".

Helburu horiei jarraiki, aurten lehen aldiz antolatu du euskarazko kontaketa erotikoen lehiaketa, Elkar argitaletxearekin lankidetzan. 18 urte edo gehiagoko herritarrek parte hartu ahalko dute, eta izen-abizenak, posta elektronikoa eta harremanetarako telefono bat zehaztu beharko dituzte. Ezizen edo izen propioarekin parte hartu daiteke, baina azken zortzi finalisten artean geratuz gero, izen-abizen errealak erabili ahalko dira sari banaketa eta komunikazio lanetarako.

Lanak inprimaki bidez bidali beharko dira, helburu horretarako Kaixomaitia.eus atarian egokitutako web orrialdera. Parte hartzaile bakoitzak nahi dituen beste lan aurkezteko aukera izango du, eta kontaketen luzera 6.000 eta 20.000 karaktere artekoa izango da. Idazlanak euskaraz idatziak eta beste inon argitaratu gabeak izango dira.

Aurkeztu nahi diren lanak abenduaren 21a baino lehen igo beharko dira Kaixomaitia.eus-en egokitutako web orrialdera. 2021eko urtarrilaren 20rako aukeratuko dira zortzi finalistak, eta otsailaren 14ko astean ospatuko da sari banaketa ekitaldia. Abenduaren 21ean jasotako lan guztiak Kaixomaitiaren blogean argitaratuko dira, CCBYSA lizentziapean, eta epaimahaiari ere orduan helaraziko zaizkio lanak.

Epaimahaia hiru lagunek osatuko dute: Dorleta Kortazar ipuin kontalariak, Antxiñe Mendizabal idazle eta editoreak eta Iñigo Arandia Kaixomaitia.eus-eko kudeatzaileak. Hirurek aukeratuko dituzte zortzi finalistak jasotako lan guztien artean. Ondoren, zortzi lan horiek Kaixomaitia.eus atariko harpidedunen artean baloratuko dira. Bukatzeko, balorazio hauei epaimahaikideen azken balorazio bat gehituko zaie, eta orduan zehaztuko dira hiru saridun nagusiak.

BALORAZIO IRIZPIDEAK

Testuen kalitate narratiboa eta literarioa baloratuko dira, baita
hizkuntzaren erabilera maila, eta bereziki erotismo, harreman afektibo eta sexualen kontaketan erakutsitako hiztegi, metafora eta esamoldeen aberastasun eta originaltasuna ere.

Kontuan hartuko da baita idazlanak genero berdintasunean eta honen errespetuan oinarrituak izatea, eta heteronormatibitatetik haratagoko harreman afektibo eta sexualen inguruko begirada ireki eta zabala proposatzea. Idazlan horiek Kaixomaitia.eus-en blogean nahiz sare sozialetan argitaratzean izan dezaketen edo izandako oihartzuna ere hartuko da kontuan.

Sariei dagokienez, irabazleak, 1.000 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 500 eta hirugarrenak 250. Gainera, zortzi finalistek, Elkar argitaletxearen liburu sorta bana eta Elkar liburu dendetarako 100 euroko opari txartel bana jasoko dituzte.