Actualizado 23/02/2015 11:42 CET

Kalitatezko itzulpen automatikoa lortzeko europar partzuergo batean parte hartzen ari da EHU

Proiektuan parte hartzen ari diren EHUko ordezkariak
Foto: EHU

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Informatika Fakultateko zenbait irakasle Europako zortzi erakunderen partzuergo batean parte hartzen ari dira, kalitatezko itzulpen automatikoa lantzeko lanetan, hainbat hizkuntzatan eskaintzen diren laguntza teknikoko zerbitzuetan.

   Egungo itzulpen automatikoen arazoa itzulpenen literaltasuna da, hau da, aplikazioak literalki itzultzen du hitza, bere esanahia edo perpausaren sintaxia aintzat hartu gabe. Bada, egoera hori nabarmen hobe daiteke, europar partzuergoa egiten ari den lanari esker.

   Zehazki, EHUk jakinarazi duenez, Portugaleko enpresa teknologiko batek eta Europako zazpi unibertsitatek osatzen dute partzuergoa, eta horien artean dago EHU, Informatika Fakultateko irakasle hauen bidez: Eneko Agirre, Gorka Labaka, Nora Aranberri, Arantxa Otegi, Mikel Artetxe, Ander Barrena, Koldo Gojenola, Mikel Lersundi, Josu Goikoetxea, Arantza Diaz de Ilarraza, Iñaki Alegria eta Kepa Sarasola (ikastegiko dekanoa).

   QTLeap (Quality Translation by Deep Language Engineering Approaches) proiektuaren helburua da (Europako Batzordearen hiru milioi euroko finantzazioa izan du hiru urterako) metodologia berritzaile bat ikertzea eta sortzea, zortzi hizkuntzaren itzulpen automatikoa lortzeko: euskara, gaztelania, ingelesa, portugesa, alemana, txekiera, bulgariera eta nederlandera.

   Kalitate handiagoko itzulpenak lortu nahi dira. "Zientzia ikerketako proiektu anbiziotsuenetako bat da, azken urteotan itzulpen automatikoaren eta hizkuntzaren teknologien esparruan egin direnen artean", azaldu du ikerketaren koordinatzaile zientifikoa den António Brancok (Lisboako Unibertsitatea).

   Lanak lehenengo urterako helburua lortu du: itzulpen sistema bat agertoki erreal batean aplikatzea; zehazki, Portugaleko HF (Higher Fuctions) enpresak eskaintzen duen informatikako laguntza teknikoko zerbitzuan. Enpresa hori partzuergoko kide da.

   "Itzulpen automatikoaren bidez PCmedic deritzan on line kontsultoria enpresaren errendimendua hobetu dugu. Bi urte barru, proiektua bukatzean, are lagungarriagoa izango da, informazio linguistiko sakonagoa erabiliko dugu eta", azaldu du Eneko Agirre irakasle eta EHUko baitan proiektuaren burua denak.

ZERTAN DATZAN

   Horrela, proiektuaren funtzionamenduari dagokionez, Interneten bidez, txat batekin, erabiltzaileak informatika arazo bat aurkezten dio aplikazioari, lantzen ari diren hizkuntzetako batean. Aplikazioak arazoaren irtenbidea bilatzen du bere datu basean, eta galdera egiteko erabilitako hizkuntza berberean erantzuten du, hau da, galdera euskaraz egiten bada, erantzuna ere euskaraz emango da, Kepa Sarasola EHUko Informatika Fakultateko dekano eta proiektuko ikertaldeko kideak azaldu duenez.

   "Egungo itzultzaile automatikoek, oro har, ez dituzte aintzat hartzen hitzen esanahia eta perpausaren sintaxia. Hitz bat hartu eta literalki itzultzen dute. Esate baterako, 'la ministra Pilar del Casillo' itzultzean, 'gazteluaren zutabe ministroa' ematen dute, izen propio bat dela aintzat hartu gabe. Gu harago goaz: lanean ari gara, itzulpen automatikoko sistemak, hitz egokiak bilatzeaz gain, hitz horiek perpausean zuzen ordena ditzan, arreta berezia jarriz izen berezietan. Horrela, kalitate eta zehaztasun handiagoko itzulpenak lortuko ditugu", azpimarratu du Sarasolak.

   Prozedura soila da. Itzuli beharreko hitzak hartzen ditu sistemak, eta bere datu basean bilatzen du, hainbat testuren artean, zein beste hitzekin konbinatu ohi diren. Ondoren, konbinazio horien arabera ordenatzen ditu perpausean, esanahia ere aintzat hartuta. Zerbitzu honen ebaluazioak % 60ko gogobetetzea erakutsi du, hau da, sistema erabili duten gehienek uste dute erantzun egokia behar den bezala jaso dutela, galdera egin zen jatorrizko hizkuntzan.

   "Aurrerapauso garrantzitsua da itzulpen automatikoaren esparruan, baina lanean jarraitzen dugu, itzulpen perfektua lortzeko", esan du Kepa Sarasolak.