Kameratoiak ostiral honetan emango du sarean parte hartzaileek grabatu beharreko gaia

Kameratoiaren iazko edizioko irudia.
EUSKALTZALEEN TOPAGUNEA

Actualizado: viernes, 25 octubre 2019 10:14

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaleen Topaguneak Lekeitioko Euskal Zine Bilerarekin batera antolatzen duen Kameratoia ikus-entzunezko lehiaketaren 15. edizioa ostiral honetan hasiko da, urriaren 25ean, parte hartzaileek grabatu beharreko gaia sarean emanez, Kameratoiaren webgunean. Guztira hamar talde eta 46 parte hartzaile izango dira gaia eman eta asteburuan Lekeitioko kaleetan emandako gaiaren inguruan gidoia egin, muntatu eta lana entregatzeko.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, ikus-entzunezko lana osatzeko sartu behar dituzten ezaugarriak larunbatean emango zaizkie taldeei, urriaren 26an, 10:00etatik 12:00etara bitartean, Lekeitioko Kultur Etxean. Igandean, urriaren 27an, eguerdiko 12:00etan entregatu behar dute lana Ikusgarri zine aretoan. Antolakuntzak parte hartzaileen eskura jarriko ditu ikus-entzunezko muntaia egiteko azpiegiturak Kultur Etxean bertan.

Kameratoia 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako euskarazko ikus-entzunezko rallya da, euskal gazte sortzaileek euren ametsa betetzeko, izan ere, Kameratoiak euskal ekoizpenak gizarteratzeko helburua du.

Ikus-entzunezkoen rallyaren aurtengo hobekuntzetako bat da gaia eskura eman ordez sarean ematea. Modu honetan, parte hartzaileek gaiaren inguruko aurreko hausnarketa bat egiteko aukera izango dute, film laburraren nondik norakoak zehazteko.

Beste hobekuntzetariko bat da izena eman duten lehen 30 pertsonentzako egonaldia eta gosaria doan izatea. Izen-ematea urriaren 1ean zabaldu zen eta hortik eta astebetera egonaldia beteta gelditu zen, "jendeak lehiaketarekiko duten harrera onaren erakusgarri".

EPAIMAHAIKIDEAK

Asteburuan egingo diren film laburren maila neurtzeko eskarmentu handiko bi epaimahaikideak izango dira 15. Kameratoian. Alde batetik, Yogurinha Borova musikaria egongo da, urte askoren ondoren antzerkian eta ikuskizunetan profesionala bilakatu den artista. "Publikoaren aurrean egoteak ematen dion esperientziak ikus-entzunezkoak ikuspuntu berezi batez ikusteko aukera ematen dio", esan du antolakuntzak.

Bestalde, Itziar Ituño aktorea ere izango da lanak ikuskatzen Leketion. "'La casa de papel' telesailarekin mundu mailan famatua bilakatu den euskal aktoreak aurkeztutako lanetatik hoberenak aukeratuko ditu bere ibilbide osoan izan duen esperientziaz baliatuz", adierazi du.

Halaber, Borova eta Ituñorekin batera, Ugaitz Alegria aktorea ere Lekeition izango da, igande arratsaldeko 17:00etan ospatuko den emanaldian eta sari banaketan.

Asteburuan zehar egindako film laburren sari banaketa igandean izango da, arratsaldeko 17:00etan, Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan. Film labur hoberenak 1.000 euroko saria irabaziko du eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen dituen Laburbira ikus-entzunezkoen zirkuitu ibiltarian eta DemaSA Durangoko Azokako Irudienea guneko ikus-entzunezkoen final handian zuzenean parte hartuko du.

Bigarren film labur hoberenak 600 euro eta DemaSA lehiaketan parte hartzeko aukera lortuko ditu. Parte hartu duten taldeez aparte, emanaldia publiko guztiari zuzenduta dago, publikoak gustukoak izan dituzten film laburrak bozkatzeko aukera ere izango baitute Publikoaren Saria emanez.