Klima ekintzako 19 udal proiektu berritzaile babestuko ditu Jaurlaritzak

Gasteizen egingo den jarduketa bat
IHOBE
Actualizado: viernes, 17 septiembre 2021 12:14

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen
Sailak tokiko ekoberrikuntzarako laguntzei buruzko ebazpena argitaratu du, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren bitartez. Laguntza horien bidez, Euskadiko 17 udalerritan gauzatuko diren klima ekintzako 19 proiektu berritzaile sustatuko dira.

Hautatutako proiektuen helburua klima aldaketarako egokitzapena sustatzea da, eraldaketa energetikoa eta lurraldearen erresilientzia babestuta eta covid-19ak eragindako krisiari konponbide berdea ematen lagunduta. Esleitutako 19 proiektuek 1.005.296 euroko aurrekontu zuzkidura izango dute, alegia, aurreko deialdiko bikoitza, Ihobetik jakinarazi dutenez.

Tokiko ekoberrikuntza klimatikorako laguntzak proiektu berritzaileak eta beste udalerri batzuetara erraz eraman daitezkeenak egiteko dira. Toki erakundeek gauzatu behar dituzte proiektuok, eta lurraldea egokitzen laguntzea izan behar dute xede, hiri eremu eta hiri inguru erosoagoak, seguruagoak eta jasangarriagoak sortuta.

Ihobek eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean zuzentzen duten Europako LIFE Urban Klima 2050 proiektua erreferente nagusietako bat izan da programaren oinarriak ezartzeko eta diseinatzeko orduan.

Finantzatutako proiektuak ezaugarri desberdinetako Euskadiko udalerrietatik datoz, nola 1.000 biztanletik beherako udalerri txikietatik (hala nola Alkiza, Amoroto eta Ea), hala hiri handietatik (Bilbo, Donostia eta Gasteiz).

Natura oinarri duten konponbideak ezartzea da proiektuen jarduketa ardatz nagusia, klima aldaketara egokitzen lagunduz eta eremu publikoetan esku hartzeak edo azterlanak eginez, udalerri erosoagoak eta jasangarriagoak lortzeko. Adibidez, Santurtzin, Bilbon edo Amurrion, ikastetxeetako jolastokietan jarriko da arreta; Urduñan, aparkaleku publikoak naturalizatuko dira; eta Ean, Muxikan eta Usurbilen, eraikin publikoak hobetuko dira, bero boladetara egokitzeko.

Badira egokitze estrategien eta arintze estrategien arteko sinergiengatik nabarmentzen diren zenbait proiektu, besteak beste, Sestaok eta Alkizak aurkeztutakoak, zerbitzu ekosistemikoak CO2 hustuleku gisa sortzeko; Zamudiokoa, hondakin organikoak aprobetxatzeko; eta Donostiakoa, emisio txikiko eremuak ezartzeko.