Konputazio kuantikoaren inguruko lankidetza hitzarmena sinatu dute DIPC eta Bartzelonako BSC erakundeek

Ekitaldian izan diren arduradunak
DIPC
Actualizado 2019/01/11 13:39:54 CET

   DONOSTIA, 11 (EUROPA PRESS)

   Donostia International Physics Center (DIPC) eta Barcelona Supercomputing Center (BSC) erakundeek konputazio kuantikoaren inguruko bi urterako lankidetza hitzarmena izenpetu dute, ostiral honetan, Donostian. Akordioari esker, DIPCk BSCren prozesatzaile kuantikoan eta "Mare Nostrum" superkonputagailuan lan egiteko aukera izango du, eta BSCk, aldiz DIPCko Ikerbasque ikertzaile diren Román Orusekin, Adolfo del Camporekin eta Geza Giedkerekin datozen urteetan zuzenean lan egiteko aukera.

   DIPCko presidente Pedro Miguel Etxenikek, DIPCko zuzendari Ricardo Díez Muiñok, BSCko zuzendari Mateo Valerok eta BSCko zuzendariorde Josep Maria Martorellek sinatu dute akordioa. Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuorde Adolfo Moraisek ere parte hartu du ekitaldian. Elkarlana datozen urteetan luzatu ahalko da.

   Ekitaldian nabarmendu dutenez, DIPCn berriki irekitako konputazio kuantikoari buruzko ikerketa lerroari "bultzada handia" emango dio hitzarmenak. Izan ere, akordioari esker, DIPC "leku ezin hobean kokatuko da esparru honi dagokionez, BSC erreferentzia baita eraikitzen ari diren Europako hegoaldeko lehenbiziko prozesatzaile kuantikoari esker".

   Gainera, "Mare Nostrum" superkonputagailua BSCren instalazio zientifiko garrantzitsuena da, eta bertan, sistema kuantikoen zenbait alderdi simula daitezke. Estatuan ahalmen handiena duen superkonputagailua da "Mare Nosrtum", eta 25.a mundu mailan.

   Akordioak bi erakundeei ahalbidetuko die konputazio kuantikoaren esparruan ezagutza eta giza baliabideak trukatzeko, eta aukera irekiko du bi zentroen artean ikasle trukea egiteko, elkarren artean biltzarrak antolatzeko eta errendimendu altuko konputazioaren erabileran elkarri praktika onak erakusteko.

   Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak urteetan egindako apustuari esker gauzatu ahal izan da akordioa. Hezkuntza Sailak DIPCren "Atlas" superkonputagailuaren handitzea ordaindu zue. Inbertsio horri esker, "Atlas"-ek bere gaitasuna hiru aldiz handitzea lortu zuen eta Estatu mailako bost superkonputagailu potenteenen artean dago gaur egun.

KONPUTAZIO KUANTIKOA

   Bit-etan oinarrutako egungo konputazioak informazio eragiketak bi egoeratan bakarrik egiten ditu: 0 edo 1 (piztuta edo itzalita). Aldiz, teknologia kuantikoak bi egoera horien gainjartzearekin ere funtzionatzen du bit kuantiko delakoen erabilpenarekin. Ondorioz, ordenagailu arrunt batentzat ezin helduzkoak diren problema matematikoak ebatzi daitezke ordenagailu kuantikoekin.

   Akordioaren aukezpenean azaldu dutenez, fisika kuantikoari esker, ezagutzen dugun konputazio klasikoan "aurrerapen itzela" egin da, miniaturizazioa eta ondoriozko kalkulu gaitasunaren handitzea eragin dituzten material berriak garatu baitira. Halere, konputazio kuantikoa pauso bat aurrerago doa, bere helburua, informazioa prozesatzeko, natura eskala txikietan menderatzen duten oinarrizko lege kuantikoak erabiltzea baita (adibidez, atomoetan eta partikuletan).

   "Bigarren iraultza kuantiko" hau paradigma aldaketa bat da, konputazio mota berri bat ekarriko duena. Praktikan, konputazio kuantikoak kalkulu abiadura gehiago eskaintzen du zenbait problema jakin ebazterako orduan.

   Akordioa sinatu ondoren, Moraisek zorionak eman dizkie bi erakundeei, eta nabarmendu du akordioa "auzolanarekin zuzen zuzenean erlazionatuta" deagoela: "Auzolanak gehitu egiten du, lana bikoiztu ordez. Eusko Jaurlaritzak superkonputazioaren aldeko apustua egin zuen eta bide beretik jarraituko du etorkizunean".

   Valerok esan du etorkizuneko ordenagailu kuantikoak ez direla inoiz poltsikoan eramatekoak izango, baina ordenagailu klasikoek garatu ezin dituzten aplikazioen azeleradoreak izango direla. Azkeni, Etxenike "oso pozik" azaldu da lortutako akordioarekin eta "eskerrak" eman dizkio BSCri. "Pertsonak dira lankidetza aurrera eramaten dutenak. Instituzioek kolaborazio hauek garatzeko tresnak jartzen dituzte", esan du.

Contador