Kontxako Banderak TKE ligak ezarritako semaforo bidezko irteera sistema erabiliko du aurtengo edizioan

Actualizado 2019/08/23 16:16:16 CET
- DONOSTIAKO UDALA

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS) -

Traineru Kluben Elkarteak (TKE) ezarritako semaforo bidezko irteera sistema ezarriko da aurtengo Kontxako Banderan. Ostiral honetan, abuztuaren 23an, egindako aurkezpen ofizialean baieztatu dute, eta 2018. edizioko diru sari kopuru berdinak banatuko dira.

TKE ligak ezarritako semaforo bidezko irteera sistema aplikatu da lehiakide bakoitzaren estropada denboraren zenbaketa ahalik eta zehatzena izateko. Honetaz gain, orain arte erabili izan diren baliabide teknikoak ere mantenduko dira (video finish, kronometroak, pisaketa, megafonoak, GPS).

Hiru egunetan jokatuko da 2019ko Kontxako Bandera. Hasteko, abuztuaren 29an sailkapen froga izango da, eta irailaren 1ean eta 8an jardunaldi bikoitzeko estropadak izango dira. Emakumezkoen modalitatean 20 talde egongo dira eta gizonezkoetan, berriz, 24.

"Berdintasunarekin konpromisoa mantenduz, edizio honetan ere 2018. edizioko diru sari kopuru berberak banatuko dira. Bi modalitateak kontuan hartuta, guztira 83.000 euro banatuko dira. Lehen postuan sailkatutako traineruek 24.000 euro eta bandera irabaziko dituzte", adierazi du Nekane Arzallus Lehen Alkateordeak Donostiako Udaletxeko Udalbatza Aretoan egindako aurkezpenean.

Sari hauetaz gain, Adegi erakundeak emandako 'Adegi Enpresa Kultura Berria Saria' izeneko sari berezi bat ere egongo da. Azken bi estropadetan denbora onena lortzen duen traineru gipuzkoarrak 5.000 euro eta trofeoa irabaziko ditu.

Estropadak Pasealeku Berritik, Urgull menditik, Kaitik eta Alderdi Ederretik ikusteko sarrera erosi beharko da. Sarrera orokorrak lau euroko kostua izango du, baina Donostia Kulturako txartela aurkeztuz gero %10eko deskontua ezarriko da. Langabeak, pentsiodunak eta 30 urtetik beherakoak bi euro ordainduko dute, eta 12 urtetik beherako haurrak dohainik ikusiko dute. Tribunan ikusteko zortzi euroko kostua du, baina sei urte arteko haurrek ez dute ordainduko, eserlekurik okupatzen ez badute.