Koronabirusak 518 kutsatu berri eta beste 44 hildako eragin ditu EAEn

Mikel Sanchez
IREKIA
Actualizado: miércoles, 1 abril 2020 13:08

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

Covid-19 gaitzaren ondoriozko 518 kasu positibo berri zenbatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken orduetan, eta guztira 6.838 kutsatu daude, horietatik 1.908 ospitalean. Gainera, gaitzak 369 heriotza eragin ditu, asteartean baino 44 gehiago, eta osatutakoak 2.165 dira.

Hala jakiarazi du asteazken honetan Mikel Sanchezek, Osasun Planifikazio, Antolamendu eta Ebaluazioko zuzendariak, Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren bilakaeraren berri emateko egunero eskaintzen duen prentsaurrekoan.

Lurraldeka, Araban 2.250 kasu positibo erregistratu dira orotara (horietatik 369 ospitalean), asteartean baino 145 gehiago, eta 149 pertsona hil dira; Bizkaian 3.382 kutsatu daude (1.179 erietxean), 280 gehiago, eta 168 lagun hil dira; Gipuzkoan 1.206 pertsonak eman dute positibo (360 ospitalean), 93 gehiagok, eta 52 hildako izan dira.

AHALEGINA

Osasun Saileko ordezkariak Euskadin pandemia geldiarazteko egiten ari den ahalegina nabarmendu du, eta bi norazkotan egiten ari dela azaldu. Alde batetik, detekzio goiztiarra areagotzen ari da, dagoeneko 16.990 proba egin direlarik, horietatik 1.532 asteartean, orain arteko kopururik handiena.

Ondorioz, positiboen kopurua igo da, baina kutsatutako pertsonen portzentajea, berriz, gero eta baxuagoa da, hau da, proba egindako hamar pertsonatik zazpik negatiboa eman dute. Horrez gain, ospitalizazioen kopuruak ere behera egin du. Hortaz, joera aldaketa baten zantzuak daudela esan du, nahiz eta oraindik kontuz aritu beharra dagoen.

Bestalde, osasun sistema bera pandemiaren garapenera egokitzeko ahalegina nabarmendu du Sanchezek, momentu bakoitzean ahalik eta erantzun egokiena bilatuz. Testuinguru horretan kokatu du Osakidetzako ZIUen ahalmenaren handitzea garaian garaiko beharrei erantzuteko.