20 de Otsaila de 2020
 

Korrika Kulturala, otsailaren 9tik abian

Actualizado 2017/01/25 13:13:02 CET
Korrika Kulturala aurkeztu dute
KORRIKA

   GASTEIZ, 25 (EUROPA PRESS)

   Korrika Kulturala otsailaren 9an hasiko da, Kepa Junkerak & Sorginak taldeak Gasteizko Europa jauregian eskainiko duen "Maletak" ikuskizunarekin. Gainera, antzerkia, bertsoak eta dantza ere izango dira Korrika Kulturalean, eta emanaldi guztien datak sakelakoetarako aplikazioan kontsulta daitezke jada.

   Korrika Kulturala Europa jauregian bertan aurkeztu dute asteazken honetan, eta Asier Amondo Korrika arduradunak eman du ekimenaren berri. Korrika Kulturalaren bitartez, euskal gizarteari bueltan eskaini nahi dio Korrikan zehar egiten duen "esfortzuaren eta lan militantearen atal txiki bat", eta hori egiteko modurik onena euskal kultura sustatzea dela esan du. Gainera, iragarri du Korrika Laguntzaile txartela dutenek %10eko deskontua izango dutela Korrika Kulturalaren emanaldietan.

   Emanaldien artean, Kepa Junkera & Sorginak taldearen "Maletak" ikuskizunaz gain, bestelakoak ere izango dira Korrika Kulturalean. Horrela, Mikel Martinez eta Patxo Telleriak osatutako bikoteak, zenbait musikarirekin bat eginda, "Ez dok hiru! Euskal musikaren benetako istorioa" berrikusiko dute taula gainean.

   Halaber, AEK-k eta Korrikak azken edizioetan izandako arrakasta errepikatu nahi dute Bertsokorrika emanaldi sortarekin, Bertsozale Elkartearekin elkarlanean, eta Kukai dantza taldeak "Oskara plazara" ikus-entzunezkoa eta dantza nahastuko dituen emanaldia prestatu du.

   Gainera, Beatriz Egizabal ipuin kontalariak eta Ane Labaka bertsolariak "Erradikalak gara" ikuskizuna ekarriko dute, eta Pirritx Porrotx eta Marimotots pailazoek "Tipi-tapa, Korrika!" ikuskizun koloretsua eskainiko dute.

APLIKAZIOA

   Bestalde, Korrika Kulturalaren agenda guztia bilduko duen sakelakoetarako aplikazioa ere aurkeztu dute Gasteizko agerraldian. Agendaz gain, 20. Korrika une oro non dagoen jakiteko aukera ere emango du, geolokalizazioari esker. Aplikazioa Akting enpresak garatu du, iOS eta Android gailuetarako.

   Azkenik, otsailaren 11n Irunen Korrikaren urtemuga festa ospatuko dutela gogoratu du Amondok, eta euskaltzale eta Korrikazale guztiak Ficoba erakustazokara joatera gonbidatu ditu. Izen ematea korrika.eus webgunearen bitartez egin daiteke. Kepa Junkeraren emanaldiarekin amaitu dute Korrika Kulturala aurkezteko agerraldia.