KSI Berritzaile programaren ezaugarriak ezagutarazteko jardunaldia ostegunean, Bilbon

Actualizado: miércoles, 12 diciembre 2018 15:02

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Eiken Euskal Herriko Ikus-entzunezko Enpresen Klusterrak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila jardunaldi bat antolatu dute ostegunerako, abenduaren 14rako, Bilboko Euskalduna jauregian, kultur eta sormen industriako (KSI) euskal enpresa guztiei zuzendutako KSI Berritzaile programaren ezaugarri nagusiak ezagutarazteko.

"Eduki digitalen iraultza KSIetan. Zer-nolako onura ekar diezaiokete nire enpresari?" izeneko jardunaldian, KSI Berritzaile programaren aurreko edizioan kultur eta sormen industrietako zenbait enpresak gauzatutako jardunbide egokien adibideekin batera, laguntza edizio berriaren gakoak ere identifikatuko dira.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, arte eszenikoetatik ikus-entzunezko edukietara ia 20 jarduera hartzen dituen kultur eta sormen industria Europako berrikuntzaren bultzatzaileetako bat bilakatu da. Sektoreko enpresek milaka enplegu sortu dituzte azken urteotan, eta Europako BPGaren %7 inguru dira jada.

Nolanahi ere, Euskadiri buruzko txostenek erakusten dute, azken urteotako hazkundea gorabehera, Euskadin sortutako aberastasunaren %4 inguru baino ez direla euskal KSIak. "Oso sektore atomizatua" da, eta gaur egun ia 15.000 erakunde eta 70.000 enplegu inguru daude erregistraturik.

Jardunaldiaren antolatzaileen arabera, zenbait faktore ari dira oztopatzen Euskadiko KSIen etorkizuneko garapena, hala nola haien neurri txikia, berrikuntza teknologikoen erabilera txikiagoa, enpresa kudeaketarik edo antolamendu eredu profesionalik eza edota proiektuak oso nazioartekotuta ez egotea.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko RIS3 Espezializazio Estrategia Adimendunean sartu zituen KSIak 2015ean, sektorea bultzatzeko asmoz, 2016-2020 aldirako aukera eremuen artean (ekonomiaren eragileak), bai eta lurralde historikoen garapen ekonomiko eta kohesiorako bide gisa ere.

Hori dela eta, sektorearen berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzeko lehen proiektuetako bat izan zen 2017an KSI Berritzaile laguntzen programa abian jartzea. Orain arte, Euskadiko 180 enpresak baino gehiagok baliatu dute programa. Arte eszenikoen (antzerkia eta dantza) eta ikus-entzunezkoen (zinema, telebista, irratia, Internet) azpisektoreetan onartu dira aldi horretan proiektu gehien.

Programak berrikuntza eta transferentzia teknologikoa bultzatu nahi ditu, et berrikuntza eraman nahi du antolamendu eredura, enpresa ideien kontzeptualizaziora edota sektoreko euskal enpresen finantza egituraren hobekuntzara. Horretarako, teknologia zentroetan (Vicomtech edo Tecnalia) eta, besteak beste, Euskalit, Elkargi eta Innobasque erakundeetan oinarritzen da programa.

JARDUNALDIA

Testuinguru horretan, Eiken klusterrak eta Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak jardunaldia egingo dute ostegunean, Bilboko Euskalduna jauregian, KSI sektoreko enpresa guztiei zuzendutako programaren ezaugarri nagusiak ezagutarazteko.

"Eduki digitalen iraultza KSIetan. Zer-nolako onura ekar diezaiokete nire enpresari?" jardunaldian, programaren aurreko edizioan kultur eta sormen industriako zenbait enpresak gauzatutako jardunbide egokien adibideak eta laguntza edizio berriaren gakoak dentifikatu ahal izango dira.

Gainera, jardunaldiaren amaieran Belén Santa-Olallak hartuko du hitza. Santa-Olalla Stroke114 antzerki konpainiako zuzendaria eta Londresko Conducttr enpresako sormen arduraduna da. Plataforma horrek errealitate birtuala eta erreala uztartzen dituzten inguruneetako esperientziak eskaintzen ditu.

Europako arte eszenikoetako protagonista nagusietako bat da, eta bere enpresak "Games of Thrones" telesail ezagunaren eduki digitalak zabaltzen parte hartu duelako ere da ezaguna bere enpresa. Halaber, eszena arduraduna transmedia narrazio generoaren Europako protagonistetako bat da.