Kultur ondareari balioa emateko lankidetza hitzarmena sinatu dute Bizkaiko Aldundiak eta Unesco Etxeak

Ondare Up aplikazioa aurkeztu dute
BIZKAIKO ALDUNDIA
Actualizado: viernes, 19 octubre 2018 10:39

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Unesko Etxeak lankidetza hitzarmena izenpetu dute kultur ondareari eta bere aniztasunari balioa emateko helburuarekin. Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara eta Kultura diputatuak eta Arantza Acha Unesco Etxeko zuzendariak sinatu dute akordioa, eta ondoren, ondarea eta kultur dibertsitatea Bizkaiko gazteengana hurbiltzeko asmoz martxan jarri duten ekintzetako bat aurkeztu dute: Ondare Up aplikazioa.

Ondarea zaindu, errespetatu eta baloratzearen garrantziaren inguruan gazteak sentsibilizatzea da akordioaren helburua, Bilbaok azaldu duenez. "Horregatik, babesten ditugun ekimenen bidez lortu nahi dugu gazteek tresna egokiak edukitzea kultur ondarearen garrantzia ulertzeko eta egunen batean ondo kudeatzeko, bakoitzak bere esparrutik", gaineratu du.

Akordioaren fruitu den ekimenetako bat Ondare Up da, ondarearen eta kultur aniztasunaren ezagutza sustatzea xede duen tresna didaktikoa, aplikazio formatuan eta web plataforman. Vedi Studio-ren lankidetzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren babesarekin garatu da aplikazioa.

Gazteen artean tokiko ondarearen inguruko ezagutza, parte hartzea eta horrekiko konpromisoa sustatzera bideraturiko plataforma bat da Ondare Up (www.ondareup.org). Interfaze erakargarri baten bidez eta jakin-mina piztuko duten erronkak proposatuz lortu nahi du helburua aplikazioak. Gainera, hezkuntza formal zein ez formaleko profesionalen lana errazten du, geletan eta gizarte eta hezkuntza arloko bestelako espazioetan tresna horiek erraz txerta ditzaten.

BEKA

Bestalde, Bizkaiko Aldundiaren eta Unesco Etxearen arteko lankidetzak ondarea eta kultur aniztasuna babesteko eta sustatzeko xede duen boluntariotza sustatu nahi du gazteen artean. Hori dela eta, beka bat eskaini zaie Unesco Etxean kultur ondarearen inguruko prestakuntza jasotzen eta Ondare Up aplikazioaren sorreran laguntzen ari diren Leyre Martinez eta Dani Ortiz de Lanzagorta gazteei.

Bi gazteek lagundu zuten Ondare Up Portugaleteko eta Getxoko gazteen aisialdi guneetara zabaltzen. Izan ere, tresna didaktikoaren proposamenetako bat Bizkaia Zubiaren inguruan garatuko den Gynkana Transmedia bat egitean datza.

Bizkaiko Aldundiaren eta Unesco Etxearen arteko hitzarmena eta Ondare Up tresna "Nazioz gaindiko komunitateak" izenburupean egingo den Hezkuntza Ondarearen Nazioarteko IV. Biltzarrean aurkeztuko dira, Madrilen, azaroaren 14tik 16ra.