Actualizado 04/05/2021 11:29 CET

Kultur sorkuntza digitala sarituko du Durangoko Azokaren Sormen Bekaren laugarren edizioak

IV. Sormen Beka DA! deialdia aurkeztu dute.
DURANGOKO AZOKA

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak IV. Sormen Beka DA! deialdia egin dute, eta kultur sorkuntza digitala saritzeko izango da. Irailaren 21era arteko epea dago proposamenak aurkezteko, eta abenduaren 3tik 8ra egingo den 56. Durangoko Azokan jakinaraziko da irabazlea. Gero, hautatuak urtebeteko epea izango du aurkeztutako proposamena garatu eta jendaurrean 2022. urteko azokan erakusteko.

Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak eta Ane Abanzabalegi eta Mikel Uriguena Durangoko Udaleko zinegotziek aurkeztu dituzte deialdiaren xehetasunak, astearte honetan Bizkaiko udalerrian egindako prentsa agerraldian.

Egitasmoaren helburua da euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea. Aurreko hiru edizioetan, literatura, musika eta ikus-entzunezko proiektuak oinarri nagusi izan dituzten lanak saritu dira, eta 2021ean kultura digitala izango da oinarri. Praktika edota espresio artistiko baten oinarritutako lan digitala sarituko da, baina fisikotasunarekin uztartu ahal izango da.

Deialdia sortzaile berriei zuzenduta dago, 18 urtetik gorakoei, banaka zein taldeka. Proiektu irabazleak 15.000 euro jasoko ditu, sorkuntza prozesua eta plazaratzea laguntzeko. Proiektu bakarrari emango zaio saria, eta lehiaketa bidez aukeratuko da.

Lanak irailaren 21eko 18:00ak arte aurkeztu ahalko dira, eta proposamenak posta elektronikoz bidaliko dira hurrengo helbide elektronikora: gerediaga@durangokoazoka.eus. Eskaera formularioa, sortzailearan curriculuma eta portfolioa eta proiektuaren memoria (motibazioa, luzera, kronograma) aurkeztu beharko dira.

Balorazio irizpideak izango dira proiektuaren kalitatea, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, proiektuaren hedatze ahalmena, eta aurrez aurreko proiektuaren defentsa. Epaimahaiak aurkeztutako lanen artean lauzpabost aukeratuko ditu, eta hautatuek proiektuaren defentsa egin beharko dute epaimahaiaren aurrean. Lehen aukeraketaren ebazpena telefonoz egingo da.

Lan irabazlearen berri 56. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da, eta hautatuak urtebeteko epea izango du proposamena burutzeko, eta 57. Durangoko Azokan erakutsiko du emaitza (2022an).

Contador