Kupoaren inguruko "desadostasunak" konpontzeko negoziazio taldeak aukeratuta

Actualizado: viernes, 20 enero 2017 13:47

GASTEIZ, 20 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Kupoaren inguruan dituzten "desadostasunak" konpontzen saiatuko diren negoziazio taldeak aukeratu dituzte. "Desadostasun" horiek 1.600 milioi euro ingurukoak dira. Pedro Azpiazu Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia sailburuak jakinarazi du negoziazio taldeen lan egutegia eta metodoa "ahalik eta lasterren" ezarriko direla, akordioa lortzen saiatzeko asmoz.

Azpiazuk agerraldia egin du ostiral honetan Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Ekonomia Batzordean, eta Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailaren datozen lau urteetarako jarduketa ildo nagusiak aurkeztu ditu bertan.

Agerraldian, nazioarteko egoera ekonomia aztertu du, eta ekonomiaren bilakaeran eragina izan dezaketen "arrisku" eta "ziurgabetasun" batzuk aipatu ditu, besteak beste, Britainia Handia Europako Batasunetik irtetea eta Donald Trump buru izango duen AEBetako Gobernu berriaren "mehatxu protekzionista".

Bestalde, 2017. urterako Aurekontuetan hazkunderako "marjina handirik ez" dela izango iragarri du, joan den urteko diru bilketan izandako "ezbeharraren" eta defizita murrizteko arloan dauden betebeharren ondorioz.

Halaber, Kupoaren kitapenaren inguruan dauden "desadostasunak" konpontzen saiatuko diren Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren negoziazio taldeetako kideak aste honetan aukeratu direla jakinarazi du. Aldea 1.600 milioi euro ingurukoa da.

Ogasun eta Ekonomia sailburuak azaldu du bi administrazioen artean "ulermen eta harreman egonkorrerako bide bat irekitzea" dela helburua, bi gobernuen "ekonomia, finantza eta zerga arloetako gaien konponketa normalizatzeko" asmoz.