Langile publikoen soldata %0,25 igotzea onetsi du Eusko Jaurlaritzak

- EUROPA PRESS - Archivo

Actualizado: martes, 10 septiembre 2019 13:23

GASTEIZ, 10 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langile publikoen soldata %0,25 igo ahal izateko akordioa onetsi du astearte honetan Eusko Jaurlaritzako gobernu bilerak, eta horrela, Administrazio Orokorrean (Lakua), Segurtasunean, Hezkuntzan, Justizian eta Osakidetzan lan egiten duten 70.000 pertsona inguruk %0,25 gehiago kobratuko dute irailetik aurrera. Lansarien igoerak atzeraeraginezko ondorioak izango ditu, 2019ko uztailaren 1etik, Jaurlaritzako arduradunek iragarri dutenez.

Astearte honetan onarturiko soldata igoerak 5,5 milioi euroko eragina izango du aurrekontuan, eta otsailean onarturiko %2,25eko igoerari gehitu zaio. Soldata igoera berriaren bidez, Jaurlaritzak oinarri juridiko sendoa eduki eta berehala soldata beste %0,25 igotzeko hartutako konpromisoari erantzun nahi izan dio.

Era berean, Jaurlaritzak Itzarri-BGAEren ekarpena hileko soldataren %1,5ean igoko du, Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean ordezkaritza duten sindikatuekin 2019rako lansarien esparruaren negoziazioan konprometitu zen bezala. Neurri hori hurrengo gobernu bilera batean onetsiko da, urtea amaitu aurretik.

Azkenik, Jaurlaritzak Funtzio Publian parte hartzen duten sindikatuei dei egingo die iral honetan, Mahai Orokorraren bilera bat egiteko, 2020ko Aurrekontuen Lege Proiektuan jaso beharreko lansarien esparrua negoziatzeko. Jaurlaritza lege proiektua ari da prestatzen, eta urrian onetsi eta bidaliko dio Eusko Legebiltzarrari.