László Marosi hungariarrak Bilboko Udal Musika Banda zuzenduko du igandean

László Marosi
BILBOKO UDALA
Actualizado: sábado, 20 octubre 2018 10:35

BILBO, 20 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udal Musika Bandak kontzertua eskainiko du Euskalduna jauregian igandean, urriaren 21ean, László Marosi zuzendari hungariarraren gidaritzapean. Marosi nazioarteko zuzendari garrantzitsuenetarikoa da, birritan jaso du Hungarian Composers Union erakundearen Artisjus saria gaur egungo musika hungariarrari egindako ekarpenengatik eta 1997an Fama saria eman zioten zuzendaritzako nazioarteko jarduerarengatik, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

"Topaketa hungariarrak" izeneko kontzertuan, Marosik bidaia bat proposatuko du Hungariako XX. mendeko bandarako musika lanen bitartez, eta Franz Liszt, László Dubrovay, Kamilló Lendvay, Frigyes Hidas eta György Ránky konpositoreen lanak entzun ahal izango dira.

José R. Pascual-Vilaplana Bilboko Udal Musika Bandako zuzendari artistikoak adierazi duenez, "Hungaria Europako kulturaren eta estetika eta joera desberdinetatik sortu diren epizentroa izan da, artearekin eta horren bilakaerarekin konprometitutako herrialdearen musika".

Kontzertua Euskalduna Jauregiko auditoriumean izango da, 12:00etan. Sarrerek bost euroko prezioa izango dute eta Euskaldunako txarteldegietan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira. 65 urtetik gorakoek, erretiratu eta pentsiodunek, eta Gazte Txartela dutenek deskontuak dituzte sarrera erostean, eta pertsona bakoitzak bi sarrera erosi ahal izango ditu launa eurotan.