BILBO 28 Feb. (EUROpA PRESS) -
Itxaro Borda, Castillo Suárez, Leire Bilbao eta Miren Agur Meabe euskal idazleen olerkiak jaso ditu Shearmans Books argitaletxeak kaleratu duen "Forked Tongues" antologiak, ingelesera itzulita. Zehazki, Manuela Palacios editoreak galizieraz, katalanez eta euskaraz idatzitako poemak bildu ditu antologia honetan, guztiak ingelesera itzulita.
Horrela, Itxaro Borda, Castillo Suárez, Leire Bilbao eta Miren Agur Meabek euskaraz idatzitako poemak Celia de Fréine, Catherine Phil MacCarthy, Susan Xonnolly eta Paddy Bush-ek itzuli dituzte, hurrenez hurren, Etxepare Euskal Institutuko iturriek jakinarazi dutenez.
Halaber, Pilar Pallarés, Chus Pato, Lupe Gómez Arto, Yolanda Castaño eta María do Cebreiro idazle galiziarren eta Vinyet Panyella, Susanna Rafart, Gemma Gorga eta Mireia Calafell katalanen lanak ere jaso ditu antologiak.
Antologia ostegun honetan bertan aurkeztuko dute, Dublingo Cervantes Institutuan, idazletako asko bertan izango direlarik. Ostiralean liburuaren irakurketa egingo dute Cork hiriko Unibertsitatean (UCC).
Aurkezpen ekitalditan, Castillo Suárez, Leire Bilbao eta Itxaro Borda izango dira, Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendari Mari Jose Olaziregirekin batera.