Lautan Hiru euskarazko antzerki txikiko jaialdiaren bigarren aldia egingo da otsailean, Bilboko Zazpikaleetan

Lautan Hiru antzerki jaialdiaren bigarren edizioa aurkeztu dute.
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: martes, 28 enero 2020 16:48

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

'Lautan Hiru antzerki txikia, festibal handia' egitasmoaren bigarren aldia antolatu du Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbao establezimenduarekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta BIRA Kultura ekimenarekin batera. Lau eragileen egoitzak izango dira antzezlanen agertokiak, Bilboko Zazpikaleetan, eta, otsailaren 6an hasita, antzerkizaleek hiru pieza ikusteko aukera izango dute ostegunero, lau astez iraungo duen jaialdian. Egitasmoaren helburu nagusia euskarazko antzerkia hauspotzea da, eta, iaz bezala, aurretiaz bonuak erosteko aukera izango da.

Mendeurreneko egitarauaren baitan, Euskaltzaindiak Lautan Hiru antzerki jaialdia antolatu zuen 2019an. Lau ostegunez Bilbon antolatu zen jaialdiak izan zuen arrakasta ikusita, bigarren aldia antolatzea erabaki da. Honela, otsailaren 6tik 27ra, ostegunero, antzerkiz blaituko da Bilboko Alde Zaharra.

Euskaltzaindia da egitasmoaren bultzatzailea, baina iazko bidelagunak izango ditu aurten ere alboan, Cafe Bar Bilbaorekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta BIRA Kulturgunearekin elkarlanean diseinatutako ekimena baita Lautan Hiru.

Astearte honetan egindako aurkezpenean, Adolfo Arejita euskaltzainak egitasmoak iaz izandako arrakasta gogoratu du, eta arrakasta horren gakoa seinalatu du: "Beste behin ikusi dugu euskal kulturako eragileekin batera jokatzea onuragarria dela, ezinbestekoa. Euskaltzaindiak bere sorreratik bultzatu du elkarlana, eta etorkizunean ere bide horretatik jarraituko du".

Jaialdiaren helburu nagusiak azaldu ditu euskaltzainak: "Euskarazko antzerkia sustatu nahi dugu, espazio berriak eskaini euskarazko sorkuntzari, eta, bide batez, Bilboko Zazpikaleetako euskal giroa hauspotu nahi dugu ekimen zoragarri eta bizi honekin".

Horretara, egitasmoaren helburuak ez dira aldatu: euskarazko antzerkia hauspotzea (lanen hizkuntza euskara izango da); antzerkilariei beren lanak erakusteko guneak eskaintzea; Zazpikaleetako giroan eragitea eta berean Bilboko kultura aukerak zabaltzea.

Formatu txikiko lanak erakutsiko dira jaialdian, hala iraupenari nola muntaketari dagokionez, oro har 20-30 minutuko piezak izango baitira). Hala ere, luzeagoren bat ere programatuko da (pieza hauek BIRAn eta Zazpi Katu gaztetxean eskainiko dira, azken orduko saioan), baita magia saio bat ere. Aipatutako guneetan obra bana antzeztuko da, 19:00etatik hasita, eta emanaldi bakarra izango da leku bakoitzean.

Antzerkizaleek hiru pieza ikusteko aukera izango dute ostegunero, aurretik laguntza bonua erosita (5 euro). Laguntza bonuak BIRAn (Erronda kalea, 2) eta Euskaltzaindian (Plaza Barria, 15) salduko dira (60 laguntza bonu guztira), astebete lehenago. Pieza bakarra ikusi nahi duenarentzat, berriz, 2 euroko sarrerak ere egongo dira gune desberdinetan, betiere bonuak ez badira agortu edo guneen edukierak aukera ematen badu.

Bestalde, egitasmoak zaleen fidelizazioa bultzatu nahi du, eta hiru antzezlanak ikusten dituztenen artean 'opariak' zozkatuko dira, astero. Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.

EGITARAUA

Horrela, egitaraua otsailaren 6an hasiko da Cecilia Paganini Clownaren 'Lolipop' (Euskaltzaindia), 'Salaketa' (Cafe Bar Bilbao) eta Ituiño magoaren 'Maixuaren edari miragarria' (BIRA Kultura) ikuskizunekin.

Otsailaren 13an, Iban Zalduaren ipuin batean oinarritutako Mikel Martinezek 'Orbangabe'(Cafe Bar Bilbao), Goitibera konpainiaren 'Amatxik dixit' (Euskaltzaindia) eta Miren Tirapuren 'Manifestu bat' (Zazpi Katu) lanak izango dira ikusgai.

Astebete geroago, otsailaren 20an, Irati Agirreazkuenagaren eta Arantzazu Sanzen 'Edipo eta Yokasta' (Euskaltzaindia), Idoia Torregarairen eta Mirari Martiarenaren 'Bakean dagoena bakean utzi' (Zazpi Katu) eta Galder Perezen eta Ane Zabalaren 'ETAren agiri bulegoa' (BIBA Kultura) ikuskizunen txanda izango da.

Azkenik, otsailaren 27an, Beatriz Egizabal ipuin kontalariaren 'Baubo' (Euskaltzaindia), Erika Olaizolaren 'Panpina' (Zazpi Katu) eta Telmo Iruretaren 'Hiltzen zarenean' eta Yogurinha Borovaren ikuskizunekin (BIRA Kultura) amaitu da zikloa.