BILBO 22 May. (EUROPA PRESS) -
Euskara eta zinema batzen dituen Lekeitioko (Bizkaia) Euskal Zine Bileraren 49. aldia izango da urrian, eta antolatzaileek uztailaren 30era arte zabaldu dute filmak aurkezteko epea zinebilera.eus webgunean. Lehiaketaren oinarriak ere bertan egongo dira eskuragarri.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jaialdiak zinemagile eta istorioak kontatu nahi dituzten sortzaile euskaldunetara heltzea du helburu, euskal ikus-entzunezkoei espazioa eta bultzada emateko.
Horrela, Sail Ofizialeko Lehiaketak sari ezberdinak izango ditu, eta, ohikoak diren zuzendaritza, gidoi, film onenen eta ikusleen sariaz gain, Benito Ansola saria gazte epaimahaiak emango du. Era berean, aurten gehituriko adinekoen epamahaiak emandako saria ere izango da. Hauek denak ikusi eta jaialdiaren gainerako ataletaz gozatzeko aukera izango da urrian Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan.
Euskal Zine Bilera euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Epaimahiak emandako sariez gain, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea.
Sari horiek ondorengo hauek izango dira: Film onenaren saria, 3.000 euro; Zuzendaritza onenaren saria, 1.600 euro; Gidoi onenaren saria, 1.600 euro; Ikusleen saria, 750 euro; Adineko epaimahaiaren saria, 1.000 euro; Benito Ansola - Gazte epaimahaiaren saria, 500 euro. Lanak aurkezteko epea uztailaren 30era bitartean mantenduko da zabalik eta bere oinarriak zinebilera.eus webgunean egongo dira eskuragarri.