BILBO 22 May. (EUROPA PRESS) -
Bermeoko (Bizkaia) Atunsa enpresarentzat lanean ziharduen 45 urteko A.A.C arrantzale lekeitiarra hil da Senegalen, Dakar inguruko uretan, LAB sindikatutik ohar baten bidez jakinarazi dutenez.
LABek adierazi du heriotza ez traumatiko moduan izendatu dutela lan heriotza, eta aurten enpresa horretan heriotza ez traumatikoz hildako bigarren langilea dela zendutakoa, lehena urtarrilean izan baitzen. 2026an, denera, gutxienez 33 langile hil dira lanean.
Sindikatuak elkartasuna eta samina adierazi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta lankideei, eta istripu mota hauek aztertzeko eta argitzeko "ikaragarrizko trabak eta gardentasun eza" izaten direla salatu du. Era berean, nabarmendu du heriotza ez traumatikoen atzean hainbat faktore daudela eta lan karga, erritmoak, estresa eta jarduera mota honetan presente dauden faktoreek eragin zuzena dutela.
"LABek irmo salatu nahi du heriotza hau. Izan ere, arrantza sektorean izaten diren eskubide urraketek erabateko eragina izan ohi dute heriotza mota hauetan: hitzarmen duinen falta, segurtasun neurririk eza, etenik gabeko jardunaldiak, arrantzaren beraren lan neurri gogor eta arautu gabeak", ziurtatu du.
Arrantza politikak ere lan baldintzetan "eragin zuzena" duela ziurtatu du sindikatuak lan baldintzetan: "Jakina da hemengo enpresak direla beste lurralde batzuetako itsasoak ustiatzen dituztenak hemengo agintarien laguntzarekin, eta Eusko Jaurlaritzak apustu neurrigabea egiten duela atunontziak eta altura handiko flota kudeatzen duten enpresei laguntza eskaintzeko, bestelako arrantza motak, hala nola baxurako arrantza, askoz ere jasangarriagoak eta hurbilagoak direnak, gutxietxiz eta plan estrategiko baten beharrean itoz".
LABen arabera, "arrantza sektore guztiak" behar du lan baldintzen aldaketa eta arautze legala, "duela 500 urteko araudiekin eta ohiturekin lanean aritzea ez delako zilegi, eta lan baldintzak arautzeak eragina izango lukeelako istripuen eta heriotzen tasan".
Horregatik, LABek enpresei exijitu die laneko osasun baldintza egokiak berma ditzaten, eta Eusko Jaurlaritzari ereduaren inguruko norabide aldaketa egin dezan eta laneko osasuna bete dadin berma dezan.