Lekeitioko Euskal Zine Bilera formatu fisikora itzuliko da 44. edizioan, sareko prezentzia mantenduz

Lekeitioko 44. Euskal Zine Bileraren lehiaketa.
EUSKAL ZINE BILERA
Actualizado: martes, 13 abril 2021 13:21

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 44. edizioa ospatuko du aurten, azaroaren 20tik 28ra. Jaialdiak ohikoa den formatu fisikoa berreskuratzeko ahalegina egingo du, eta iaz sarean egindako edizioaren alde batzuk mantenduko ditu.

Antolakuntzak adierazi duenez, aurreko edizioa ezohikoa izan zen eta sareko formatura aldatzera derrigortu zuen osasun egoerak. Aurten, aldiz, ikusleak berriz ere zine aretora erakarriko ditu Euskal Zine Bilerak, segurtasun neurri guztiak bete eta kalitatezko jaialdia eskainiz. Azken urteetan egin den antzera, euskal ikus-entzunezkoaren iragana, oraina eta etorkizunak bat egiten jarraituko dute 44. edizioan.

Horrela, jaialdiaren egitura fisikoa berreskuratuko da, formatu presentziala indartuz eta Ikusgarri aretoko ateak ikusleentzat irekiz. Haslaber, iazko sareko jaialdiak alde positibo asko utzi zituen eta edizio berritzaile horretatik elementu batzuk mantenduko dira, eta zinebilera.eus web orrian jaialdiko hainbat eduki egongo dira ikusgai, besteak beste, lehiaketara aurkezten diren lanak.

"Osasun egoera zein-nahi dela ere, asko dira jaialdiak irauten duen bitartean Lekeitiora etorri ezin direnak eta, hori kontuan izanik, haientzako edukiak prestatuko dira gure web orrialdetik ikusi ahal izateko", azaldu dute antolatzaileek.

Euskal Zine Bilerarem lehiaketa "euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da", teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea.

Lehiaketa formatu fisiko zein digitalean egingo da. Lehentasuna Ikusgarri aretoko proiekzioei emango bazaio ere, zinebilera.eus web orrialdearen bidez lanak ikusteko eta bozkatzeko aukera egongo da.

Sariak ondorengo hauek izango dira: Zuzendaritza onenari 1.600 euro, Gidoi onenari 1.600 euro, Film onenari 1.900 euro eta Ikusleen saria 750 euro. Lanak aurkezteko epea irailaren 8ra bitarte mantenduko da zabalik eta bere oinarriak zinebilera.eus webgunean egongo dira eskuragarri. Aurkezten diren lanen artean 20 inguru izango dira aukeratuak lehiaketan parte hartzeko, eta egindako lana eskertzeko asmoz, 20 lan horien egileek 200na euroko saria jasoko dute lehiaketarako hautatuak izanagatik.

"44. Euskal Zine Bilerak aurrerapausoak ematen jarraituko du aurten ere, euskal ikus-entzunezkoen erreferente bilakatuz, eta horretarako, noski, film sortzaile, artista eta zinegile guztien partaidetza oso garrantzitsua izango da. Hori dela eta, aurtengo edizioan ere parte hartzera gonbidatzen zaituztegu", adierazi dute.

ZINEGOAK HEDAPENA

Bestalde, Euskal Zine Bilerak eta Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak elkarlana bultzatzen jarraituko dute, eta horren fruituak apirilaren 23an ikusi ahalko dira. Egun horretan, 19:00etan, Lekeitioko Ikusgarri aretoak Zinegoak-eko film esanguratsuenak batuko ditu ZG Hedapena saioan.

Hain zuzen, jaialdiko bost film labur emango dira: 'Karaoke', 'La amante', 'On my way', 'Sunday' eta 'Panteres'. Sarrerak salgai egongo dira hiru euroren truke Lekeitioko kultur etxean eta zinema aretoko leihatilan proiekzioen egunean bertan.