Loiola Berrikuntza Fundazioak eta Bic Gipuzkoa Berrilanek kultura ekintzailea zabaltzeko akordioa sinatu dute

Actualizado 2011/02/23 14:08:46 CET
AZKOITIKO UDALA

DONOSTIA, 23 Feb. (EUROPA PRESS) -

Loiola Berrikuntza Fundazioko lehendakari eta Azpeitiko alkate Julian Eizmendik eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza diputatu eta Bic Gipuzkoa Berrilaneko lehendakari Jose Ramon Guridik bi elkarteen arteko lankidetza akordioa sinatu dute gaur indarrak batzeko xedez, barne-ekintzaile eta ekintzaile kultura zabalduz eta oinarri teknologikoa duten enpresa berriak sortze aldera euren ekarpena eginez.

Bi aldeen arteko akordioak hainbat lan-ildo hartzen ditu bere baitan lankidetzarako. Esaterako, ekintzaile eta barnekintzaile kulturaren sustapena, enpresa berrien sorkuntza, Urola Erdian ekintzailetza prozesuak finkatzeko ekimen plana, diagnosiak lantzeko elkarlana edota beste bailarekin batera gauzatu daitezkeen proiektuetan partaidetza, adibidez, teknologien zabalkuntza.

Bic Gipuzkoa Berrilan Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (EBZ) da. 1993an ekin zion bere ibilbideari berrikuntzarekin zerikusia duten enpresa-ekimenei bide emateko helburuarekin. Barne-ekintzaile eta ekintzailetasuna, I+G+B edota nazioartekotasuna sustatzeko programak ditu martxan. 2010ean sortutako enpresen artean daude Aioba Energy Consultants, Wattio Corp. y Baikoterk. Halaber, 1.000 metro karratutik gora dituen inkubategi bat ere badu enpresa berriak koka daitezen.

Bere aldetik, duela ia urtebete sortu zen Loiola Berrikuntza Fundazioa bere bazkide eta laguntzaile sarea zabaltzen doa, Begoña Beobideren zuzendaritzapean. Hasieratik izan da erreferentea lankidetza publiko-pribatuan eta Bic Gipuzkoa Berrilanekin sinatutako akordioa hori guztia indartzera dator irekitzen dituen aukerengatik.

Bi elkarteek bat egiten dute hainbat helburutan. Batetik, balio teknologiko handiagoaduten ekimenak sustatu nahi dituzte ekonomia dibertsifikatzeko. Halaber, egungo enpresa sarea aberastea da helburua enpresa berrien sorrera bultzatuz.

Gaur egun, Fundazioa osatzen dute Iraurgi Lantzen eta Urola Erdiko Industrialdea sozietate publikoek, eta Antzibar, Biele, Corrugados Azpeitia, Grupo Glual, Grupo Sarralle, Ibarmia, Juaristi eta Sammic enpresek. Halaber, laguntzaile dira Deustu eta Mondragon Unibertsitateak, Cidemco Fundazioa, XVIII Mendeko Ikasketen Xabier Maria de Munibe Institutua eta Innobasque. Azkena atxikitzen Epsilon Euskadi, Berrikuntza Teknologikorako Zentroa izan da.