Love of Lesbian taldeko abeslariak parte hartuko du ostegunean BBK Aretoaren "Musikalan" jardunaldietan

Actualizado 2011/01/18 12:30:03 CET
BBK

BILBO, 18 Ene. (EUROPA PRESS) -

BBK Aretoak "Musikalan" jardunaldien saio berri bat antolatu du ostegunerako, eta Santi Balmes Love of Lesbian indie taldeko kantariarekin hitz egiteko aukera izango da bertan. Gainera, abesti akustiko batzuk eskainiko ditu, BBK-ko iturriek jakinarazi dutenez.

Taldeekiko aurrez-aurreko harremana, beren jarduerarekin lotutako xehetasun guztiak galdetzeko aukera, eszenatoki gainean bizi izandako gertakariak ezagutzeko parada edota etorkizunerako dituzten itxaropen eta erronkak bezalako gaiak aztertzeko modua ematen dute BBK Aretoan egiten diren "Musikalan" jardunaldiek.

Hurrengo saioa, aipatu bezala, ostegun honetan egingo da, Love of Lesbian taldeko kantaria den Santi Balmesekin. BBK Aretan izango da talde hontako abeslaria eta bertan azalduko du, adibidez, nolakoak izan ziren taldearen hastapenak edota nola egiten dituzten beren abestiak. Topaketa amaitzeko, bertara joaten diren guztientzat espreski moldatutako abesti-sorta akustikoa eskainiko du, zuzenean.

1996tik lanean dabilen Bartzelonako taldea da Love of Lesbian, indie pop-rock estiloko abestiak jorratzen dituena. Ingelesez kantatutako abestiz osaturiko hiru disko plazaratu zituzten hasieran baina, gero, gazteleraz abestea erabaki zuten eta hizkuntza honetan egin dituzte azken hiru diskoak.

Espainiako indie estiloko kritikarentzat talde kuttunenetakoa da, batik bat 2005en "Maniobras de escapismo" kaleratu eta gero. Honekin eta hurrengo diskoarekin, "Cuentos chinos para niños del Japón" izenekoarekin, gazteleraz pop egiten duen talde garrantzitsuenen artean kokatu zuten beren izena.

2009ko martxoaren amaieran disko berria atera zuten, "1999 (o cómo generar incendios de nieve con una lupa enfocando la luna)" izenburukoa, eta diskoa lehen astean Espainiako salmenten zerrenda ofizialeko 33. postura iritsi zen. Oraindik orain, 'Rolling Stone' musika aldizkari famatuak bi sari eman dizkio taldeari, talderik onena eta urteko bira onena saritzeko.

Love of Lesbian taldeko abeslariaren saioa 20:00etan hasiko da. Sarrerak BBKren kutxazainetan jaso daitezke 3 euroren truke BBK-ko txartelak erabiliz gero, eta 6 eurotan beste erakundeetako txartelekin.