Lurralde antolakuntzak eta hirigintzak hiztunengan duten eragina aztertuko dute Donostian

Actualizado 2014/01/08 12:58:32 CET
Jardunaldia aurkeztu dute Donostian
Foto: UEU

DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk "Hizkuntza eta Lurraldea. Lurraldea eta Hizkuntza" jardunaldia antolatu dute, hazkunde urbanistikoaren eta hizkuntza aldaketaren arteko harremana aztertzeko helburuarekin. Euskal Herriko kasu batzuk ezagutzeaz gain, Aland Uharteak, Flandria eta Galeseko ordezkariak ere entzuteko aukera izango da urtarrilaren 16an eta 17an, Donostian, EHUko Carlos Santamaria zentroan. Matrikula doan da eta izena emateko www.ueu.org webgunera jo behar da.

   Jardunaldia aurkezteko prentsaurrekoa eman dute Donostian Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, Maren Belastegi UEMAko lehendakariak, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Unai Fernandez de Betoño UEUko zuzendaritzako kideak.

   Fernandez de Betoñok, jardunaldiko batzorde akademikoko kidea den heinean, topaketaren hiru helburuak zeintzuk diren azaldu du, hain zuzen, geografia eta hizkuntzaren arteko harreman estuaz hausnartzea, lurralde antolakuntzak eta hirigintzak euskararen hiztun komunitatearengan duen eragin zuzenaz ohartaraztea, eta eragin hori kontuan har dadin hartu beharreko neurriez hausnartzea, bai kalteak murrizteko bai onurak indartzeko.

   Jardunaldia bost ataletan banatu dutela adierazi du. Lehenengoan, lurralde antolaketari buruzko oinarrizko printzipioak aztertuko dira; bigarrenean, Euskal Herriko arnasgune batzuen kasua ezagutuko da (Senpere, Zerain, Busturia eta Zubieta); hirugarrenean, Europako hiru esperientziaren berri emango da (Aland Uharteak, Flandria eta Gales); laugarrenean, lurralde antolaketa eta gizarte erantzunkizunaren arteko harremanari buruz hausnartuko da; eta azkenik, bosgarrenean, jardunaldi honek emandako ondorioak eta etorkizunerako erronkak definitzen saiatuko dira.

   Bestalde, Zigor Etxeburuak adierazi du jardunaldi hauen bitartez euskaraz bizi izateko baldintzak aztertu nahi dituztela. Errealitate soziolinguistikoari erreparatuta, Gipuzkoa "Euskal Herriko herrialderik euskaldunena" dela azpimarratu du, hau da, "euskaraz bizi ahal izateko baldintzarik egokienak dituena".

   Ildo horretan, Gipuzkoako Aldundiak euskaraz bizitzeko eskubidearen alde lan egingo duela eta euskarari lehentasuna eman nahi dio ziurtatu du, eta euskaraz bizi izateko baldintza horiek aztertu nahi ditztela orain, "Lurraldea eta Hizkuntza" jardunaldien bitartez, "geografiak hizkuntzen garapenean eragin handia duela nabarmentzen ari baitira hizkuntzalariak". "Beraz, Lurraldearen antolaketak hizkuntzei zertan eragiten dien aztertu nahi dugu jardunaldi akademiko hauen bidez", gaineratu du.

EUSKARAREN ARNASGUNEAK

   Halaber, Maren Belastegik euskaraz bizi diren udalerrien garrantzia azpimarratu du. Euskal Herrian dauden 143 udalerri euskaldunek "euskararen arnasgunerik zabalena" osatzen dutela gogorarazi du, eta horietan, 300.000 herritar baino gehiago bizi dela.

   "Euskarak aranasguneak behar ditu, eta beraz, udalerri euskaldunetan egiten diren hizkuntza politikak, eta egunerokoan ditugun hizkuntza ohiturak, jarrerak eta joerek eragin zuzena dute euskararengan. Horregatik, jardunaldi hauek garrantzitsuak dira guretzat, lurralde antolaketak arnasguneei dakarkien arriskuak eta aukerak ere aurreikusi ahal izango ditugu eta", azaldu du.

   Azkenik, Paul Bilbaok Kontseiluak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta UEMArekin 2012an sinatutako hitzarmena ekarri du gogora, non "udalerri euskaldunak, euskaldun kopuru handiena dutenak, zaintzeko, sustatzeko eta hedatzeko konpromisoa" hartu zuten.

   "Gaur dinamika akademiko bat aurkeztera gatozkizue, euskararen arnasguneak zaintzen, sustatzen, indartzen eta hedatzen lagungarri izan daitekeelakoan. Hazkunde urbanistikoaren eta hizkuntza aldaketaren arteko harremanaz hausnartuko da jardunaldiotan. Bereziki, arnasguneei edo euskaldunen metaketa demografikoa jazotzen den guneei dagokienez", adierazi du.