Lurraldebusek 25,2 milioi bidaia egin zituen 2019an, inoizko gehien

Lurraldebusen unitate bat
GIPUZKOAKO ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 27 febrero 2020 16:46

DONOSTIA, 27 (EUROPA PRESS)

Lurraldebus Gipuzkoako Aldundiaren mendeko garraio zerbitzuak 25.294.981 bidaia egin zituen 2019. urtean, bere historian lehen aldiz 25 milioiak gaindituz urte batean. Aurreko urtean baino 449.917 bidaia gehiago izan ziren, eta gehikuntza eskualde guztietan gertatu da, Rafaela Romero Gipuzkoako Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak Batzar Nagusietan jakinarazi duenez.

Romerok berak eskatuta egindako agerraldian, Lurraldebusen "hazkunde erritmoa esanguratsua" nabarmendu du. 2016an zerbitzuaren zenbait emakida berrantolatu egin ziren eta %4ko hazkundea egon zen aurreko urtearekiko, 24 milioi bidaien langa gaindituz lehen aldiz; ordutik hona, zerbitzuaren hazkundeak ez du etenik izan eta %2ko eta %1,6ko hazkundeak izan zituen 2017an eta 2018an, hurrenez hurren.

Lurraldebusen erabilerak eskualde guztietan egin zuen gora 2019ko ekitaldian. Tolosaldean izandakoa nabarmendu da, %75ekoa izan baita. Goierrialdean %6,1ekoa izan da, eta Zumaia-Zarautz-Donostia ardatzean %5ekoa -ia 1,5 milioi bidaiari-. Urola Erdian eta Debagoienean izandako hazkundeak %3,43koa eta %3,55ekoa izan dira, hurrenez hurren, eta Oarso Bidasoak %0,52 egin du gora, Renfeko aldiriko zerbitzuan gauzaturiko tarifen bateratzeak ekarri duen lehia handiagoaren ondorioz.

Ibilbide luzeko lineei dagokienez, Donostia eta Loiuko aireportua batzen dituen lineak %11,34ko hazkundea izan zuen joan den urtean, eta 1,5 milioi bidaiari garraiatu zituen. Halaber, Donostia eta Gasteizen arteko lineak %6,67 egin zuen gora.

Romeroren arabera, "erabiltzaileen egiazko beharrak asetzea xede duten neurrien emaitza" izan dira datuak: zerbitzuen errefortzua puntako orduetan, gaueko ordutegien luzatzea asteburutan eta udaran zehar eta erabiltzaileentzako informazioaren hobekuntza Lurraldebusen aplikazioaren eta Lurticket bezalako teknologia erreminta berriei esker.

Horren guztiaren ondorioz, bidaiarien kopuruak etengabe egin du gora azken lau urteotan. "Baina hau ez da amaiera. Zerbitzua demokratizatzen eta bere irisgarritasuna hobetzen jarraitu nahi dugu, garraio sistema iraunkor bat bermatzeko Gipuzkoan, zeinak konektatua egoteko aukera emango dien biztanle guztiei", adierazi du.

HIBRIDOAK

Zentzu horretan, joan den otsailaren 17an, bederatzi autobus hibrido berri aurkeztu zituen Lurraldebusek. Debagoieneko lineetan erabiliko dira eta orain arte erabiltzen ziren hamar autobusei gehituko zaizkie. 2030erako bere autobusen %65 hibrido izatea espero da.

Lurraldebusen urteko txostenak hiri arteko autobus zerbitzuen puntualtasunari buruzko datuak ere jaso ditu: %92,31koa izan zen iaz. Bestalde, 2019an zehar 82.722 dei jaso ziren bezeroen arretarako ordutegiaren barruan (2018n baino %6 gehiago).

Generoen araberako banaketari dagokienez, emakumezkoak dira Lurraldebuseko erabiltzaile nagusiak. 2019an, erabiltzaileen %64 emakumezkoak izan ziren, eta emakumezkoek Bezeroen Arretarako Zerbitzura egindako deien %68 egin zuten.

"Ahantzi ezin dugun gako bat da hori, emakumeak garraio publikoaren jagolerik nagusiena baitira egun eta, ondorioz, aintzat hartu beharreko datu bat da zerbitzua gure bezeroen beharretara egokitzeko egiten dugun etengabeko esfortzuan", gaineratu du.