Maider Fernandez eta Jorge Moneo euskal zinemagileek Berlinale Talents programan parte hartuko dute

"Lo Que Arde" Filmaren Eszena Bat
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: jueves, 20 febrero 2020 18:37

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Berlingo Nazioarteko Zinemaldiak talentua garatzeko abiarazi duen Berlinale Talents egitasmoak Maider Fernandez eta Jorge Moneo euskal zinemagile gazteak aukeratu berri ditu. Otsailaren 22tik 27ra bitartean, 250 gaztek euren proiektuak hobetu eta erakusteko aukera izango dute, tartean bi euskal zinemagileak, eta garatuta dituzten lanak nazioarteko ekoizle eta finantzatzaileei aurkeztuko dizkiete, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.

Maider Fernandez Iriarte da aukeratutako euskal gazteetako bat. Bere hitzetan, Berlinera doa "jendea ezagutzera, astebete zinemari buruz pentsatzera eta ahal ditudan pelikula gehien ikustera". "Zehazki, Frantziako dirulaguntzen sistema ezagutu nahiko nuke etorkizunean, ondoko herrialdea izanik harremana egon daitekeela uste dudalako. Apellaniz&DeSosa-rekin aurten 'El médico cura' izeneko film laburra egingo dugu eta Frantzia aliatu interesgarria izan daiteke", azaldu du.

Halaber, Jorge Moneok ere Berlinale Talents-en hartuko du parte. Gasteiztarrak aitortu du "esperientzia hau gaur egun ditudan bi proiektuentzat onuragarria izatea" espero duela. Alde batetik, 'Orbainak' film laburraren banaketarekin jarraitzen du eta, bestetik, 'Almanaka' proiektu berriaren lehenengo pausoak ematen hasi da.

BASQUE AUDIOVISUAL

Bestalde, aurrekoetan bezala, aurten ere Basque Audiovisual plataformak stand bat izango du EFM Berlinale azokan, Cinema from Spain-ek Martin Gropius Bau-n izango duen gunean. Euskal plataformak bisitarientzat eskuragarri jarriko ditu urte osoko ekoizpena laburbiltzen duen katalogoa eta euskal ikus-entzunezko ekosistema ikusarazteko plataforma gisa erabiltzen den web orria. Basque Audiovisual standetik hainbat euskal zinemagintza enpresa igaroko dira azokaren egunetan zehar.

Gainera, euskal eragileen presentzia nabaria ere izango da, Cinema From Spain Presents zigiluarekin, EFM azokan egingo diren hitzaldi batzuetan. Otsailaren 22an, 11:00etan, Mirror pabiloian 'Koprodukzioa Espainiarekin/Espainian' mahai ingurua egingo da, ICAA Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Espainiar Institutuak antolatuta.

Topaketan bi adibide ikertuko dituzte adituek: lehenik, 'Lo que arde' filmaren koprodukzio eredua aztertuko dute, eta Koldo Zuazuak Kowalski Filmseko euskal koproduktore gisa parte hartuko du; ondoren, 'La trinchera infinita' filmaren Euskal Herria eta Andaluzia arteko koprodukzioa izango da aztergai, eta Xabier Berzosa Irusoinen ekoizle exekutiboak hartuko du hitza.